EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Arrizabalagak uste du «oso zaila» dela EAJk eta EH Bilduk akordio bat egitea euskararen inguruan, «ezinezkoa dela ez esateagatik». Bi indar politikoak Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko negoziazioetan dabiltza, euskararen aurkako oldarraldi judiziala ikusirik bestelako babesa eratze aldera. Jeltzaleek eta bilkideek egin dituzten proposamenetan «elkarri kontrajarritako eskema eta arrazoibideak» daude, Arrizabalagaren arabera.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, GBBko buruak gogoratu du euskararekin lotutako egungo «arazo handia» ez dela «aspaldikoa». Ziurtatu du «duela bospasei urtera arte adostasun zabala» zegoela eragileen artean, «euskararen alde lan egiteko». Adostasun hori «hausten» hasi zen «ebazpen batzuen harira», Arrizabalagak gogora ekarri duenez. Epai horiek «arazo larri baten aurrean» jarri dute «azken 40 urteotan lortutako normalizazio prozesua».
«Proposamen bat eta bestea irakurrita, azken emaitza oso antzekoa izan daiteke, baina teknikoki oso zaila da erdibideko akordio bat lortzea, ezinezkoa dela ez esateagatik, hain dira kontrajarriak eskemak eta arrazoibide juridikoak»
EUGE ARRIZABALAGA GBBko presidentea
Egoera horri aurre egiteko, EAJk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamen zehatz bat egin du, «benetako adituen laguntzaz», Arrizabalagaren hitzetan. Hala, GBBko buruarentzat, jeltzaleen proposamenak «1982tik indarrean egon den adostasunaren ereduari» jarraitzen dio, «normalizaziorako bidea eraikitzen jarraitzeko, eta segurtasun juridikorik handiena izateko».
Eta erantsi du EH Bilduk «beste analisi bat» egiten duela egoeraz. «Buelta eman dio logika juridikoari, eta beste eredu bat proposatu du», esan du Arrizabalagak. «Proposamen bat eta bestea irakurrita, azken emaitza oso antzekoa izan daiteke, baina teknikoki oso zaila da erdibideko akordio bat lortzea, ezinezkoa dela ez esateagatik, hain dira kontrajarriak eskemak eta arrazoibide juridikoak».
Abstentzioaren eskea
Hori azaldu ondoren, Arrizabalagak EH Bilduri abstentzioa eskatu dio berriro, EAJren lege proosamena onartu ahal izateko Eusko Legebiltzarrean. «Kontuan hartuta proposamen batek logika bat aplikatzen duela eta besteak orain arte aplikatu ez den logika duela funtsean», ezker subiranisten abstentzioa eskatu du. EH Bilduk sarritan ohartarazi du ez direla bateragarriak bi indar politikoen arteko «negoziazio serio bat» egitea eta hura egin aurretik abstentzioak eskatzen hastea.
Hala ere, bide horretatik abiatu da Arrizabalaga: «Eskaera erraza egiten dugu, apaltasun guztiarekin: mesedez, EH Bilduk erraztu dezala proposamen hori aurrera ateratzea abstentziora jota; eta gero ikusiko dugu, orain ematen duen moduan, proposamen horrek segurtasun juridiko nahikoa ematen ote duen arazoa konpontzeko, eta balorazio hori partekatuko dugu EH Bildurekin».