GEBehatokiak Jaurlaritzari eskatu dio Martuteneko espetxeko ondarea zaintzeko hura memoria historikoko leku izendatu arte

Talde memorialistak gogoratu du Martuteneko espetxea «errepresio frankistaren adierazle nabarmena» izan zela, eta «premiazkoa» dela neurriak hartzea eraikinean dagoen «ondarea babesteko».

Martuteneko espetxea, aurten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Martuteneko espetxea, aurten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko ekainaren 16a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak «beharrezkotzat» jo du Martuteneko espetxea memoria historikoko leku izendatzea. GEBehatokiak gogoratu du aurtengo martxoan 24 erakunde memorialistak eskatu zutela hori bera, eta EAEko  Memoria Historikoari eta Demokratikoari buruzko 9/2023 Legearen arabera, Martuteneko espetxeari izendapen hori eman beharko litzaiokeela. Lege horren «lehen puntuan zehazten diren baldintzak» betetzen ditu Martuteneko espetxeak memoria leku izendatzeko eta bere historiaren «elementu adierazgarriak babesteko», elkarte memorialistaren arabera. Horiek horrela, Jaurlaritzari eskatu diote neurriak har ditzala hango ondarea babesteko.

«Martuteneko espetxea errepresio frankistaren adierazle nabarmena izan zen, batez ere salbuespen egoerako aldietan; 1968ko salbuespen egoera da kondizio horren adierazgarri nagusia. Balio izugarria du, beraz, Gipuzkoako eta Euskal Herriko memoria historikorako», azaldu du GEBehatokiak. Hala, inguruan eraikitzekoa den urbanizazioari begira, GEBehatokiak adierazi du izendapenaren garrantzia kontuan hartu behar dela. Elkarrizketak abiatu dira Donostiako Udalarekin, Gogora institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin, eta memorialistak eskaera horien erantzunaren zain daude: «Premiazkoa da eraikinean dagoen ondarea babesteko neurriak hartzea».

Lapurretak eta beste

Ondarea lapurtu edo galduko ote den kezka azaldu du, era berean, GEBehatokiak. «Ez litzateke lehen aldia balio historikoa duen eraikin bat itxi eta eraitsi bitartean jendea bertara sartzen dena ondarea lapurtzeko edo eraikuntza hondatzeko», esan dute. Adibide bat jartzen hasita, Iruñeko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua aipatu dute. Gogoratu dute Espainiako armadak «bertan behera utzi» dituela «hura zaintzeko eta mantentzeko betebeharrak».

GEBehatokiak azaldu du Martutene itxi ondoren prozesu bat abiatuko dela. «Jaurlaritzak Espainiako Erresumaren ondare nazionalari itzuli behar dio, hirigintza proiektua hasteko Jaurlaritzari berriro utzi aurretik».  Litekeena da prozesu administratibo hori luzatzea, eta, beraz, aldi batzuetan argi ez egotea eraikinaren zaintza nori dagokion, talde memorialistaren ustez.

Horregatik, eta ondare historikoa babesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote zenbait neurri hartzeko. Kasurako, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, «balio historikoa duten elementuen bilduma, katalogazio eta artxibatze lana egitea». Gainera, espetxearen artxiboaren parte handi bat Jaurlaritzak kudeatzen dituen artxibo historikoetan gorde zen, eta «premiazkotzat» jo dute gainerako artxiboak leku berera eramatea. Azkenik, segurtasun neurriak bermatzeko eskatu diete agintariei, «eraikina hondatu ez dadin».

TXOMIN LETAMENDIRI BURUZKO DOKUMENTAZIOA jaso dute

GEBehatokian «pozik» daude Espainiako Barne Ministerioko Artxibo Nagusiak «azkenean» Txomin Letamendi Muruaren espedienteko «dokumentazio osoa» bidali dielako, «zirriborrorik eta zentsurarik gabe». 

«Eskerrak eman nahi dizkiegu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko euskal ordezkariei, gure babes eskaeraren ondoren kudeaketa publiko eta pribatuak egin baitituzte justifikaziorik gabeko zentsura horren aurka». 

Dokumentazio hori Donostiako Auzitegian aurkeztuko dute. 

«Honek erakusten du lanak eta gaiari eusteak emaitzak ematen dituztela eta zigorgabetasunaren horma pitzatzeko aukera ematen dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE