Bihar 46 urte beteko dira Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra bortxaz desagerrarazi zutenetik —NBEk hala onartua dauka—, eta, auzi horretan irekitako ikerketa lanaren esparruan, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak jakinarazi du euskal diputatu eta senatari guztiei zuzendu zaiela Espainiako Gobernuari eska diezaioten «berehala desklasifikatzeko» Naparraren gorpuzkiak «bahitu, desagerrarazi eta ezkutatzeari buruzko dokumentazioa». Zehazki, GEBehatokiak aipamena egin dio Ramon Francisco Arnau de la Nuez inteligentzia agente ohiaren deklarazioari dagokion informazioari, hura oinarrizkoa izan baitaiteke Naparra aurkitzeko.
Naparraren auziari lotuta, GEBehatokiak apirilean iragarri zituen beste bi eskaerak osatzen ditu azken eskakizunak. Batetik, legearen esparruan terrorismoaren biktimatzat aitortzeko beste eskaera bat egin zuen. Bestetik, Naparraren auzian egindako «aurrerapen urriak» jakinarazi zizkion Nazio Batuen Erakundeko bortxazko desagertzeei buruzko lantaldeari, hark eska diezaien Espainiako eta Frantziako gobernuei berriro esku hartzeko; hau da, Naparraren gorpua bilatzen jarrai dezaten.
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten bizirik azken aldiz, Ipar Euskal Herrian; garai hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako militante eta errefuxiatua zen. Batallon Vasco Espaǹƒolek (BVE) behin baino gehiagotan bere gain hartu zuen haren bahiketa eta ondorengo exekuzioa. GEBehatokiak gogoratu du Ramon Francisco Arnau de la Nuez ustezko guardia zibil ohiak Naparraren gorpuzkien «kokapen zehatzaren berri zuzena eta frogagarria» izan zuela. CESIDentzat lan egin ei zuen hark, talde memorialistak dioenez, eta jendaurrean egin zuen Naparrari dagokion baieztapen hori. «Lekuko horrek Brocas herrian [Landak, Frantzia] ustez lurperatuta dagoen lekua deskribatu zion familiari».
Hain zuzen, Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko bi indusketa lan egin zituzten; azkena, 2024ko maiatzean, Landetan, eta emaitza «negatiboa» izan zen orduan ere. Horregatik, GEBehatokiak «koordenatu zehatzak» nahi ditu.
Koordenatu geografikoak
Arnau de la Nuezen adierazpena «zantzu froga sendoa da», GEBehatokiarentzat: «Espainiako inteligentzia zerbitzuek txosten operatiboak, jarraipen oharrak edo, gutxienez, lurralde inteligentziako agiriak egin zituzten, eta lurperatze klandestinoaren datu geografikoak jaso ziren bertan». GEBehatokiak dio ematen duela dokumentazio hori egon badagoela: «Estatuaren esku dago oraindik, eta legez kanpo sailkatuta».
Diputatu eta senatariei igorritako gutun batean, talde memorialistak esan die dokumentazio horren desklasifikazio partziala eskatzeko Espainiako Gobernuari, «gehienez hiru hilabeteko epean», gorpuzkiak aurkitzeko beharrezkoa den informaziora mugatuta: «Koordenatu geografiko zehatzak, lurperatzearen data eta erreferentziak, eta koordenatu horietara eraman zuen inteligentzia eragiketaren txosten laburra». Halaber, esan diete CNI inteligentzia zerbitzuari eskatzeko «Frantziako agintaritza judizialari jakinaraz diezaiola gorpua non dagoen, lurpetik atera eta familiari duintasunez eman ahal izateko».
Talde memorialistak diputatu eta senatariei esan die dokumentazioaren desklasifikazio partziala eskatzeko Espainiako Gobernuari, gorpuzkiak aurkitzeko informaziora mugatuta: «Koordenatu geografiko zehatzak, lurperatzearen data eta erreferentziak».
Aintzat hartzen ez badituzte, Espainiako Gobernuari Batzordean agertzea galdegiteko proposatu diete, «desklasifikazioaren aurka zergatik egiten duen azaltzeko, bai eta CESIDen derrigorreko desagertzeei buruz sailkatuta dauden dokumentuen guztizko kopuruaren berri emateko ere».
Gasteizko Memorialaren erakusketa
Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari erreparatu dio GEBehatokiak. Joan den apirilean, Absentzia presenteak erakusketan Naparraren heriotzaren inguruko egia «desitxuratu» izana leporatu zioten familiak eta Egiari Zor fundazioak oroimen zentroari. Bada, zentro horrek ez ditu Naparrari buruzko aipamenak kendu erakusketatik, «familiak berariaz eskatu arren eta patronatua osatzen duten erakundeetako batzuek kexa helarazi arren».
«Jarrera hori erabat onartezina da», GEBehatokiarentzat. «Ez da etikoa biktimen aldeko ekintzak egitea, eragindako biktimen iritziari ez ikusi eginez. ETAren biktimak balira, hori ez zatekeen inoiz gertatuko». Taldeak uste du «denak» ez duela balio zentro horrek «kontakizun bakarra inposatzeko» egiten duen ahaleginean: «Bazterketan sakonduta, biktimei min egin eta berriz biktimizatzen ditu».