«Asmo argiz eraikitako faltsukeria» da, «nahasmena» sortzen eta egia «desitxuratzen» duen kontakizuna. Ez dute ahoan bilorik izan Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertuaren senideek eta Egiari Zor fundazioak Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak inauguratu berri duen erakusketa kritikatzerako orduan. Erakusketa horretan, 1980an Ziburun (Lapurdi) desagertu zen KAA Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen heriotzaren inguruko «kontakizun faltsua» eraiki izana leporatu diote zentroari, Naparraren heriotzaren egiletzaren inguruan «existitzen ez diren zalantzak» sortzeko. Ohar bidez, baina, zentroak uko egin dio familiaren eskaera betetzeari.
Senideen hitz gogor horien atzean, mina eta haserrea nabariak ziren gaurko prentsaurrekoan. Eneko Etxeberriak, Jose Miguel zenduaren anaiak, ageriko arranguraz deskribatu ditu senidearen memoriari egindako «injustiziak». Erakusketan plazaratutako «manipulazio» horiek «desmemoria eta birbiktimizazio» tresna direla salatu du, eta zentroari eskatu dio Jose Miguel Etxeberriaren izena erakusketa horretatik kentzeko, eta publikoki barkamena eskatzeko eta esandakoa «zuzentzeko». Zentroko patronatuko kide diren erakundeei sostengua adierazteko ere eskatu die; patronatu horretan ordezkaritza dute Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste.
Absentzia presenteak izeneko erakusketa da haserre horren iturria. Asteartean inauguratu zuen zentroak, Marta Rodriguez Fouz komisarioak gainbegiratuta. Terrorismoaren ondorioz desagerturiko biktimen historiak kontatzen ditu, eta Naparraren kasua jorratzen da, beste hainbaten artean. Erakusketako karteletan haren heriotzaren inguruan ematen den informazioak, ordea, familia haserrearazi du: ETA? BVE? izenburupean, erakusketako kartel batek Naparra ETA militarrak hil izanaren teoria aurkezten du lehenik, hipotesi nagusi gisa. BVE Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak hil izanaren teoria, berriz, hipotesi alternatibo gisa aurkezten du, eta «familiari eta ezker abertzaleari» egozten die haren defentsa. Eduki horiek «manipulatuak eta faltsuak» direla salatu du Egiari Zor-eko Pilar Garaialdek prentsaurrekoan.

«Ez dago frogarik»
1980ko ekainaren 11n desagertu zen Naparra, Ziburun. 1958an jaio zen, Iruñean, eta Alegian (Gipuzkoa) eman zuen haurtzaroaren zati bat. Artean oso gazte zela, LKI-ETA seigarrenean militatzen hasi zen, baina, ezadostasun teorikoak zirela medio, ETA politiko-militarrera salto egin zuen lehenik, eta ETA militarrera ondoren. Iruindarraren ideologia anarkista, ordea, ez zetorren bat azken erakunde horren hierarkia marxista zurrunarekin, eta, ondorioz, Komando Autonomo Antikapitalista delakoetan integratu zen. Bere militantziak erbestera eraman zuen, Lapurdira, eta han desagertu zen ekainaren 11n, Ziburun zuen hitzordura bidean.
Handik 11 egunera, Batallon Vasco Español talde armatu ultraeskuindarrak Deia egunkarira hots egin zuen, Naparraren bahiketa beren gain hartzeko. Uztailaren 4an, berriz, Naparra hil zutela jakinarazi zuten, eta, geroxeago, hirugarrenez, berriro beren gain hartu zuten haren desagerpena. EFE agentziak, berriz, hipotesi hori arbuiatu eta heriotzaren erantzuleak KAAko bere kideak izan zirela zabaldu zuen. Komandoetako militanteek hori ukatu zuten, baina zalantzan jarri zuten egilea BVE izatea.
Naparraren sendiak, aldiz, beti defendatu izan du BVE izan zela militante autonomoaren heriotzaren erantzulea, eta, haien ustez, «zinismo instituzionala» da erantzukizuna ETA militarrari egozten dion tesia hipotesi nagusitzat aurkeztea. «Egia iluntzeko asmo makurra» ikusten dute erakusketako kartelen atzean. ETAren erantzukizunaren inguruan «ez dago frogarik»; BVE erantzule izan zela pentsatzeko, ordea, bai. «ETAk heriotzaren bat hirutan bere gain hartu izan balu, baten batek jarriko al luke zalantzan haiek zirela hiltzaileak?», galdetu du Garamendik, BVEk Naparraren bahiketa eta heriotza hirutan bere gain hartu zuela gogoraraztearekin batera.
Desagertuta eta onarpen barik
Izan ere, Naparra exekutatu eta Xantako inguruetan ehortzi zutela jakinarazi zuen BVEk. Haren gorpua, ordea, desagerturik dago oraindik, hura aurkitzeko bi indusketa saio egin badira ere. Azkena 2024an egin zen, Landetan, familiak informazio berria jaso ostean, baina ez zuen arrakastarik izan. Gorpua aurkitu ez izanak eta erantzukizunaren inguruko zalantzek aitorpen ofiziala zaildu diote familiari. Naparra oraindik ez da ofizialki onarturiko biktima, ez estatu mailan, ezta euskal erakundeetan ere. Espainiak birritan egin dio uko Naparrari estatus hori emateari —2008an eta 2013an—, 2004an haren kasu judiziala itxi zuen epaiak haren heriotzan «terrorismo zantzurik aurkitu» ez zutela ebatzi ostean.
Ikusi gehiago
EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere ez du arrakastarik izan familiak. EAEn, 2021ean aurkeztu zuten aitorpen eskaera, baina gaur arte ez dute erantzunik jaso. Nafarroan, berriz, 2023an egindako eskaera atzera bota zieten, kasua «oraindik zabalik» dagoela argudiatuta. «Inpunitatearen harresi» horren testuinguruan, Eneko Etxeberriaren ustez, «iraingarriak» dira zentroaren erakusketako edukiak. Hasieratik anaiaren izena erakusketan agertzeari uko egin ziola oroitu du, duela bi hilabete museoak horri buruz galde egin zionean.
Zentroak uko egin dio
Orduko hartan, ez zioten kasurik egin, eta oraingoan ere, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ez die kasurik egin Etxeberria-Alvarez familiaren eskaerei. Prentsaurrekoaren ondoren argitaraturiko komunikatu batean, Biktimen Oroimenezko Zentroak adierazi du «ez dagoela arrazoirik» Naparraren kasua erakusketatik kentzeko, haien esanetan, «frogatu ezin izan diren bi hipotesi modu orekatu eta objektiboan» azaltzen direlako polemika piztu zuen kartelean. Gainera, familiak bere ikuspegia argi azaldu arren, haien ikuspuntua «modu egokian jasota» geratzen dela ere adierazi du zentroak, Naparraren desagerpenari buruzko Eusko Jaurlaritzaren txostena eta Eneko Etxeberriak komunikabide bati emandako elkarrizketa hartzen baititu barne erakusketak. «Interes orokorreko kasu historikoa» da Naparraren hilketa, Biktimen Oroimenezko Zentroaren aburuz, eta, hortaz, ez du erakusketatik kenduko, familia horren aurka agertu zela onartu badute ere.