GEBehatokiak salatu du Barne Ministerioak «zentsuratu» egin duela Txomin Letamendiren inguruko dokumentazioa

GEBehatokiak frankisten torturen ondorioz hildako jeltzalearen inguruko informazioa eskatu zion ministerioari, baina zati batzuk ezabatuta helarazi dio. Auzia bideratzeko laguntza eskatu die Jaurlaritzari eta Kongresuan ordezkaritza duten euskal taldeei.

Txomin Letamendiri egindako omenaldia, abenduan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Txomin Letamendiri egindako omenaldia, abenduan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 17a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txomin Letamendiren heriotzaren 74. urteurrenarekin, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak kereila bat aurkeztu zuen haren aurkako krimenak argitu daitezen. 2024ko abenduan izan zen hori, eta epaitegi batek tramiterako onartu zuen auzia. Ordutik, jazotakoak ikertzen ari dira buru-belarri, baina salatu dute Espainiako Gobernua ez dela prozesu hori errazten ari: «Barne Ministerioak bidalitako dokumentazioan zati asko zentsuratu eta ezabatu zituzten, eta Estatuak berak kausatzailearen atxiloketari, torturari, prozesuari eta heriotzari buruz dokumentatutako gertakarien osotasuna ezagutzea eragotzi».

Letamendi giza eskubideen urraketa larrien biktima da. Ez dago horren zalantzarik, eta Eusko Jaurlaritzak ere hala aitortu zuen iaz. Izan ere, Eusko Gudarosteko komandante eta Euskal Informazio Zerbitzuetako kide izan zen, eta 1946an eta 1947an atxilotu, torturatu eta «baldintza penagarrietan» espetxeratu zuten frankistek, eta horrek eragindako ondorio fisiko eta psikologikoen ondorioz hil zen, askatu eta bi hilabetera, 1950eko abenduaren 20an.

Bada, hori kontuan izanda, GEBehatokiak «harriduraz» hartu du auziaren inguruko dokumentazioa eskatu eta hura zentsuratuta jaso izana, eta salatu du horrek «birbiktimizazio» bat eragiten duela. Uste dute Barne Ministerioak «modu murriztailean» interpretatu dituela Espainiako Konstituzioa eta nazioarteko zuzenbidea, eta ez duela bete Espainiako Memoria Demokratikorako legeak dioena: gizateriaren aurkako krimenak «preskribaezinak eta amnistiaezinak» direla.

Ez da salbuespen bat. GEBehatokiaren esanetan, Barne Ministerioaren jarrerak bat egiten du estatuko «sakoneko sektoreek» iraganaren inguruan duten jarrerarekin, eta horren adibidetzat jo dute auzitegiek ere sarri lehenetsi dutela 1977ko Amnistia legea Memoria Demokratikora legearen gainetik, halako ikerketei atea ixteko. Baina, GEBehatokiak gogoratu du Espainiako Gobernuak berak oraintsu desklasifikatu eta argitaratu duela 1981eko estatu-kolpe saiakerari lotutako informazioa, eta 1968ko Sekretu Ofizialean lege frankista aldatzeko prest ere azaldu dela. Hala, galdera egin du: «Zer neurritan uler daiteke Txomin Letamendi Muruaren torturak eta heriotza gertatu ziren inguruabarrak oraindik segurtasun nazionalerako ezinbesteko interesekotzat jotzea eta zentsurapean egotea?».

Letamendiren auzitik abiatuta, gainera, GEBehatokiak salatu du «bereziki babesgabe» daudela 1940ko eta 1950eko hamarkadetan giza eskubideen urraketa larrien biktima izandakoak. Zergatik? Ez zaizkielako aplikatzen 36ko gerraren eta gerraosteko errepresioaren biktimei erreparazio emateko hartu diren neurriak, baina ezta estatuaren biktimak erreparatzeko legedia ere.

Bederatzi polizia 

Zentsurak zentsura, GEBehatokiak lortu du helarazitako dokumentazioetatik informazioa ateratzea. Adimen artifizialeko auzitegi tresnak baliatuta, Francisco Saenz de Tejada y Millan gobernadore zibilaren ardurapean Letamendiren atxiloketetan eta torturetan parte hartu zuten beste bederatzi poliziaren izenak identifikatu dituzte. Orain arte, bi agente soilik identifikatu zituzten —biak ere hilda daude—, eta haien aurka aurkeztu zuten kereila.

Halere, ikerketan behar bezala aurrera egiteko laguntza eskatu du GEBehatokiak. Batetik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi eta Espainiako Memoria Demokratikorako fiskal nagusi Dolores Delgadori babesa eskatu die, «dokumentazio hori eskuratu ahal izateko beharrezko gestioak egin ditzaten».

Norabide berean, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal taldeei eta legebiltzarkideei eskatu die Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari auziaren inguruko galdera bat egiteko, eta ahal dutena egiteko halako «zentsura» kasurik berriro izan ez dadin. Uste du horretarako lege aldaketa bat behar dela, nazioarteko estandarretara egokitua.

Azken eskaera, berriz, Letamendiren kasua ikertzen ari den Donostiako epaitegiari egin dio. Hari ere exijitu dio dokumentazio osoa eskuratzeko bidea egitea, «borondatezko jurisdikzioan» oinarrituta. Memoria Demokratikorako Legean jasota dagoen prozesu mota bat da hura: ez dakar jazarpen penalik, jazotakoaren gaineko ziurtagiri judizial bat baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA