Eusko Jaurlaritzak frankismoaren biktimatzat aitortu du Txomin Letamendi

Giza Eskubideen Behatokiaren eskaera aintzat hartu du gobernuak. Hala, EAJko militante izandakoari aitortza eta erreparazio ekitaldi bat egingo dio Ondarroako Udalak bihar, eta Bilboko udalak beste bat, astelehenean.

Txomin Letamendi, tronpeta jotzen, 1939an. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA
Txomin Letamendi, tronpeta jotzen, 1939an. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA
aitor biain
2025eko abenduaren 18a
10:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren larunbatean, abenduaren 20an, 75 urte beteko dira Txomin Letamendi Murua militante abertzalea hil zenetik. Madrilen zendu zen, polizia frankistak eragindako «tortura fisiko eta mental larrien» eta «espetxeko baldintza penagarrien» ondorioz. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion aitor zezala Letamendi biktima gisa, «haren ohorea eta gogobetetze morala» berreskuratzeko. Bada, eskaera onartu egin du gobernuak, eta, hori dela eta, aitortza eta erreparazio ekitaldi bat egingo dio Ondarroako Udalak, eta beste bat Bilbokoak.

GEBehatokiak berak eman du horren berri. Adierazi du EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean oinarrituta egingo diotela aitortza. Lege horrek horretarako aukera ematen baitio Eusko Jaurlaritzari, oraindik erabat arautu gabe egon arren. Hain zuzen ere, formula hori baliatu zuen Imanol Pradales lehendakariak apirilean, lehenengo Jaurlaritzako Osasun sailburu Alfredo Espinosa omentzeko.

Letamendiri, berriz, bat ez, bi aintzatespen ekitaldi egingo dizkiote, hura gogoratu eta biktima gisa aitortzeko. Lehena bihar izango da, Ondarroan (Bizkaia), haren jaioterrian. Eta bigarrena, berriz, astelehenean, Bilbon. Hartan parte hartuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak.

Erreparazio judiziala, aurrera

Aitortza instituzionala egiteko eskatzeaz gainera, egia judizialari dagokionez urratsak egiteko bidea abiarazi zuen GEBehatokiak ekainean. Errekonozimendu judiziala egiteko tramiteak hasi zituzten, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean jasotako «borondatezko jurisdikzioan» oinarrituta. Bada, jakinarazi du ekinaldi hori aurrera doala, eta bidea egiten ari dela epaitegietan.

Behatokiak azaldu duenez, prozesu horren bidez ez zaizkie egileei penalki jazartzen: egitateen ziurtagiri judiziala lortzeko modua ematen du. Eta hauek jasoko lituzke ziurtagiri horrek: «tortura, espetxean laguntzarik ez izatea, heriotza eta halako gertaerak, eztabaidarik sortzen ez dutenak, inork zalantzan jartzen ez dituenak, baina epaitegi batek behin betiko berrestea eskatzen dutenak».

Txomin Letamendi, artxiboko irudi batean. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA
Txomin Letamendi, artxiboko irudi batean. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA

Horren aurretik, kereila bat ere aurkeztu zuen Behatokiak Letamendi familiaren batera, haren aurkako krimenak argitu daitezela eskatzeko. Izan ere, Letamendi gizadiaren aurkako krimenen biktima izan zen, haien arabera, eta delitu horiek «preskribaezinak eta amnistiaezinak» dira, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen 2.3 artikuluak jasotzen duenez.

Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiak tramiterako onartu bazuen ere, epaileak «erantzukizun kriminala azkentzeko kausatzat» jo zuen. Hau da, kausa itxitzat eman zuen, Letamendiren galdeketetan parte hartu zuten bi polizia frankista, Fernando Escudero eta Jose Nogues, hilda zeudela egiaztatu ondoren.

Edozein modutan, Behatokiak «mugarritzat» jo zuen ikerketa abiatu izana, eta azpimarratu «arrakala bat» irekitzea lortu zuela «epaitegietako bunker negazionistan». Hala ere, nabarmendu zuen hilda dauden «erasotzaileen» krimenak ikertzeko modua egon bada, ez litzatekeela eragozpenik egon beharko bizirik daudenei gizadiaren aurkako delituak egozteko.

Senideen sufrimendua

Txomin Letamendiren kasua ezaguna egin da azken urteetan, haren bizitzaren pasarte batzuk kontatzen baitira Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuan eta Asier Altunaren Karmele filmean. Behatokiak, ordea, begirada zabaldu du, eta haren senideek eta gertukoek pairatu zuten errepresioa gogorarazi.

«Estatuaren ankerkeriak ez zuen mugarik izan Letamendi-Urresti familiarekin, eta jarraipen argia izan zen gerratik demokrazia garairaino»

GIZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA

Izan ere, Letamendi-Urresti familiarena biktimek jasandako sufrimenduaren «kasu paradigmatikoa» da, GEBehatokiaren arabera, gizadiaren aurkako krimenak eta oinarrizko eskubideen urraketak pairatu zituzten eta. «Estatuaren ankerkeriak ez zuen mugarik izan familia horrekin, eta jarraipen argia izan zuen gerratik demokrazia garairaino». Hori dela eta, GEBehatokiak iragarri du aztertu egingo duela Letamendiren hiru anai-arrebentzat eta bi seme-alabentzat ere aitortza eskatzea.

Hala ere, ñabardura egin du, eta argi adierazi Letamendi-Urresti familiarena ez dela kasu bakana: «Dozenaka euskal familia ordezkatzen ditu». Eta, nabarmendu duenez, agerian uzten du biktimen sufrimendua lege babes ezberdinekin kategorizatzea «zentzugabekeria» dela. Hori dela eta, esan du premiazkoa eta beharrezkoa dela lege berrien bitartez egungoek ezarritako denbora mugak gainditzea eta biktimen arteko tratu asimetrikoa amaitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.