Berriro bi digitu eguneko heriotzen kopurua zenbatzeko. Beste hamar hildako gehitu behar dira zerrenda luzera. Guztira, 2.078 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren gaitzarekin gaixoturik. 100.000 biztanleko 65,2 lagun. Munduko tasarik handienetako bat. San Marino, Belgika, Andorra eta Katalunia soilik daude aurretik.
PCR proba bidez beste zortzi kasu atzeman dituzte: hiru Araban, hiru Bizkaian eta bi Nafarroan. PCR proban positibo emandako beste lau ospitaleratze zenbatu dituzte, laurak EAEn. ZIUetan 35 pertsona daude. 24, EAEn (-3) eta 11 Nafarroan (+1).
Espainiako Estatistika Institutuak 2020an hildako pertsona guztien astez asteko datuak argitaratu ditu. Heriotza guztiak islatzen ditu, kausa bereizi gabe. Agerikoa da izurriak gogorren jo duen asteetan aurreko urteekiko desfase izugarria izan dela. Nafarroan gertatuko anomalia %34,5ekoa izan da; Arabakoa %25,5; Bizkaikoa %15,1, eta Gipuzkoakoa %9,9. Datu horiek erakusten dute, ohiko heriotza kopuruekin alderatuta, gehiegizko heriotzak COVID-19arekin ofizialki lotutakoak baino nabarmen gehiago direla. Baina etsigarria bada ere, badirudi ez dela egongo modurik argitzeko hildako guztietatik zenbat izan diren COVID-19aren ondorio zuzena. Horrela uste du Espainiako Hilkortasunaren Monitorizazio Sistema (MoMo) kudeatzen duen taldeko buru Amparo Larrauri doktoreak: "Ez dugu inoiz jakingo gehiegizko heriotzetatik zenbat izan diren COVID-19ak zuzenean eraginak", adierazi du Eldiario.es-ek argitaratutako elkarrizketan.
Krisi ekonomikoa. Koronabirusaren osasun krisiak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz, krisi ekonomiko bat ere iritsi da. Ohi bezala, katebegi ahulenetan ari da eragin handiena izaten. Maiatzeko langabeziaren datuek horren adierazle dira: iazko maiatzean baino 37.716 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Maiatzean berriz hazi da langabeen kopurua (%2,1), baina ez martxoan edo apirilean bezain beste. Azken hiru hilabeteotan, 31.638 pertsonak eman dute izena Lanbiden eta Nafar Lansaren. Kontratu prekarioak dituztenei eragin die langabeziaren hazkundeak; batez ere, gazteei.
Enpleguaren arazoa osorik hartzeko eta neurriko irtenbideak bilatzeko deia egin du LAB sindikatuak. LABen ustez, ez da aski enplegu erregulazioan dauden langileen soldatak osatzea. Datorren astean enpleguaren arazoari aurre egiteko proposamen bat plazaratuko du.
Beste datu bat. Maiatzean, 54.066 lagunek eskuratu zuten diru sarrerak bermatzeko errenta, martxoan baino 1.675 gehiagok, eta apirilean baino 792 gehiagok, Lanbideren datuen arabera. Ekonomiaren geldialdiak handitu egin du gutxieneko errentaren beharra duten herritarren kopurua.
Industriaren ekoizpenari buruzko datu batzuk ezagutu dira gaur. Eustaten arabera, apirilean %39 jaitsi zen industria jarduera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Konfinamenduaren parterik gogorrena apirilaren hasieran gertatu zen. Garraio materialen ekoizpena erori zen gehien (%64,9).
Agian honek merezi du
Gaitasun digitala. Konfinamendu garaian areagotu egin da IKTen erabilera hezkuntza arloan. Baina, adituen ustez, hezkuntza digitalean gabezia dago. Hezkuntza formaleko kideek, kontsumitzaile huts izateari utzi, eta edukiaren sortzaile bihurtu beharko lukete. Horretarako, gaitasun digitala izatea da oinarria. Behar horri erantzuten dio Educatic kanalak. Hezkuntza komunitateari IKT tresnen erabilera erakusteko sortua da.
Euskara hezkuntzan. Uda pasatu ondoren, euskararen ezagutzan eta erabileran koska bat behera eginda itzultzen ohi dira ikasleak ikasgeletara. Baina oraingoan koronabirusaren krisiaren eraginez sei hilabete izango direla gogoratu du Eneritz Garro unibertsitate irakasleak Pentsaldian ataleko artikuluan. Haren ustez, kaltea gutxitze aldera, "garaia da berandu baino lehen euskararen gaia erdigunean jartzeko, eta familiei baliabideak eskainiz konpromisoak eskatzeko".