Genero indarkeria Hego Euskal Herrian: egunero 30 salaketa

Iaz 10.349 emakumek 11.010 salaketa aurkeztu zituzten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka, tratu txarrak egotzita. Epaiketen %95ean baino gehiagotan zigortu zuten erasotzailea, CGPJren datuen arabera.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, iaz, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, iaz, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 31
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albistegietan eta egunkarietan maiz agertzen da indarkeria matxistarekin lotutako berriren bat, ia egunero, baina jario hori errealitatearen adierazpen txiki bat baino ez da. Bortizkeriak askoz dimentsio handiagoa duela azaleratu baitute, beste behin ere, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuek. Hego Euskal Herrian nabarmen gora egin zuten genero-indarkeria salaketek iaz: 11.010 izan ziren, 2024an baino 519 gehiago; hots, egunero 30 salaketa, batez beste.

2025ean 10.349 emakumek salatu zuten bikotekidea edo bikotekide ohia tratu txarrengatik; hortaz, haietako batzuek salaketa bat baino gehiago aurkeztu zuten. Salatzaile horietatik 74 adingabeak izan ziren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira —CGPJk ez du lurraldekako daturik eman— 7.147 salaketa jarri zituzten 6.890 biktimak: 10.000 emakumetik 59,9k. Euskal Autonomia Erkidegoan %7,1 hazi zen salaketa kopurua. Nafarroan, berriz, hazkundea txikiagoa izan zen, %1,2koa, baina biktima tasa, altuagoa: 10.000 andreko 100,3koa, hain justu. Izan ere, 3.863 salaketa jarri zituzten 3.459 biktimak.

7

Zenbat emakume hil zituzten iaz. Salaketei buruzko datuak ematen ditu CGPJek, baina gogora ekartzekoa da iaz Euskal Herriko zazpi emakume zendu zirela indarkeria matxistaren ondorioz; haietako bi Espainian hil zituzten. Bortizkeria bikarioak ere biktima bat utzi zuen: 13 urteko neska bat hil zuen haren aitak Bilbon.

Salaketa horiek auzitara iristen diren gehienetan, gainera, kondenazkoa izaten da sententzia: auzien %96,6tan EAEn, eta %95,6tan Nafarroan. Hala, iaz Hegoalde osoan 1.938 gizonezko epaitu zituzten genero indarkeria delituengatik, eta 1.865 zigortu. Epaituetako hamar adingabeak izan ziren, 2024an baino bi gutxiago. Era berean, biktimek 1.562 babes neurri galdegin zituzten epaitegietan, eta horien %67 onartu zituzten. Dena den, 1.017 emakumek uko egin zioten epaiketan erasotzailearen aurka deklaratzeari, aurreko urtean baino %21 gehiago.

Halaber, CGPJen datuek agerian utzi dute emakume atzerritarrak kalteberago direla genero indarkeriari dagokionez. Iaz Hego Euskal Herrian salaketa jarri zuten 11.010 andreetatik 5.222 Espainiako Estatutik kanpo jaioak ziren: %47,4. Are, Nafarroan gehiago izan ziren atzerritarrak (2.004, %57,9) espainiar nazionalitatea zutenak baino (1.455).

Sexu indarkeriari buruzko datuak

Aurten berritasunak izan dira CGPJren urteroko txostenean, iaz berritasunak izan zirelako auzitegietan. Orain arte, bikote harremanetan gertatutako bortizkeriari buruzko datuak eman izan ditu kontseiluak, salaketa horiek baino ez zituztelako jasotzen emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiek. Joan den urteko urritik aurrera, berriz, sexu indarkeriarekin lotutako delituak kudeatzen hasi ziren epaitegi horiek; beraz, azken hiru hilabeteetako datu horiek ere erantsi ditu CGPJk iazko memorian.

Hala, urrian, azaroan eta abenduan 211 salaketa aurkeztu ziren bortizkeria sexualarekin lotuta Hego Euskal Herrian. Gehienak sexu askatasunaren aurkako delituek eta jazarpen sexualak eragin zituzten. Era berean, badira sexu esplotaziorako emakumeen salerosketarekin lotutako 24 salaketa, horietako 21 Nafarroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA