German Rodriguez oroitu dute Iruñean

42 urte bete dira gaur Espainiako Poliziak German Rodriguez tiroz hil zuela. Sanferminik ez egonagatik ere, herritarrak haren omenez paratutako oroitarrian bildu dira Rodriguez oroitzeko. 

2020ko uztailaren 8a
13:26
Entzun

Sanferminak memoria ere badira Iruñean. Urteroko ekitaldirik gabe, baina krabelin gorriekin oroitu dute Iruñean German Rodriguez. 42 urte bete dira gaur Espainiako Poliziak Rodriguez hil zuela, eta «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu dute berriz ehunka herritarrek. 

Jendea ez pilatzeko, 11:00ak eta 13:00ak artean joateko deia egin du 78ko Sanferminak Gogoan taldeak. Deialdiarekin bat egin dute kultura munduko, sanferminetako eta Iruñeko hainbat gizarte mugimendutako eragileek. Hala, goizean jendetza bildu da Rodriguezen omenez jarritako oroitarrian. 

Ekitaldi xumea ere egin diote, 13:00etan. Aurreskua dantzatu diote, eta Sarai Robles bertsolariak bertsoz oroitu du Rodriguez. 78ko Sanferminak Gogoan taldeak inpunitatea bukatzeko eskatu du. «Ezin dugu onartu Billy el Niño eta halako torturatzaileak mundu honetatik joatea beren dominak eta aitorpen instituzionalak ukitu gabe», adierazi dute. Ekitaldian, Rodolfo Martin Villa 1978an Barne ministro zena epaitzeko ere eskatu dute. 

Azken urtean hildako Antonio Salinas eta Chato Galante 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak ere oroitu dituzte ekitaldian. «Utzi gaituzte, justizia lortzeko ahaleginak gauzaturik ikusi gabe», adierazi dute. Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak ere bertaratu dira Iruñera, eta txalo zaparrada batekin agurtu dituzte. 

Arratsaldean ere oroituko dute

Peñen federazioak ez du jaietan ekitaldi bakar bat egingo, pandemiaren eraginez. Aurreko urteetan, 13:00etako omenaldiaz gain, arratsaldeko zezenketen ostean Rodriguezen omenezko kalejira egiten zuten Iruñeko Peñek. Aurten, ordea, peñen federazioak ez du jaietan ekitaldirik egingo, eta eta 20:00etan «zerbait berezia» egiteko asmoa dute. 22:00etan eltzeekin protesta egitera ere deitu du 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, Krabelinak Germanentzat, Martin Villa epaitu lelopean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.