Donostiako Alderdi Ederretik mundu osoari hitz egin dio Palestinako Sol Band musika taldeko Said Fadelek, gainerako taldekideak alboan zituela: «Palestinarrok libre bizitzea merezi dugu. Genozidio hau gelditu behar da, eta Gazan jendea hiltzeari utzi». Horretarako, «esfortzua eta aldaketak» eskatu dizkio munduari.
Gernika-Palestina herri ekinaldiak are gehiago xehatu du eskakizuna, eta Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu die «neurri eraginkorrak eta zehatzak» hartzea, hala nola Israel bakartzeko neurriak ezartzea eta harreman ekonomikoak eta militarrak etetea; nazioarteak babestutako konboi humanitario bat abiatzea giza larrialdiari aurre egiteko, eta genozidioaren erantzuleen kontrako zigorrak eskatzea. «Euskal Herriak behin eta berriz eskatu du genozidioari bukaera emateko, eta, gatazka konpontzeko bidean, palestinarrek beren estatua izango dutela bermatzeko. Orain, neurri zehatzak eta eraginkorrak behar ditugu bonbardaketak areagotu eta laguntza humanitarioa blokeatu ondoan eragin duten infernua bukatzeko».
Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak jarri die ahotsa Gernika-Palestinaren eskakizunei, gaur goizean Alderdi Ederren egindako agerraldian. Ekiteko garaia dela esan du. «Isiltasuna eta ezer ez egitea ez dira aukera bat». Gaineratu du edonork egin dezakeela ekarpena. «Guztiok dugu zer egin eta zer ekarri Israel genozidioa bukatzera behartzeko».
«Guztiok dugu zer ekarri Israel genozidioa bukatzera behartzeko»
NEKANE BALLUERKAGernika-Palestinako bozeramailea
Hala, nazioarteko erakundeak interpelatu ditu. Israel Nazio Batuen Erakundetik kanporatzeko eskatu du, besteak beste nazioarteko zuzenbidea «etengabe» urratzeagatik; Apartheidaren Aurkako NBEren Komite Berezia berriro aktibatzeko ere eskatu du. «Nazioarteko komunitateari ahalmena emango lioke Israelen praktikak ikertzeko, dokumentatzeko eta jorratzeko, eta, hala, justizia sustatuko litzateke»; Bestalde, proposatu du Israelen okupazioa babesten duten erakundeei eta norbanakoei aktiboak izoztea eta zigor ekonomikoak jartzea.
Gizarte zibilari, sare ekonomikoari eta askotariko eragileei ere dei egin die. Datorren igandean mobilizazioa egingo dute Alderdi Ederren: lurrean etzan eta maindireekin estaliko dute beren burua, sarraskiak eragindako hildakoen irudikapen gisa. Ahalik eta jende gehien biltzea nahi dute. Era berean, iragarri dute plan bat diseinatzen ari direla udarako, orduan ere Palestina «agendan» egoteko, eta «elkartasun ekonomikoa antolatzeko».
Gernika-Palestinak, bestalde, konpromisoa hartu du Palestinarentzako justizia eta bakea lortzearen aldeko jarduna «bizkortzeko».
Espero gabeko babesa
Adierazpenak eragile askoren babesa jaso du. Esaterako, EH Bilduko, PSE-EEko, Ezker Anitzako, Sumarreko, Ahal Dugu-ko, EH Baiko eta Geroa Baiko ordezkariak izan dira ekitaldian. Sindikatu nagusienetako kideak ere han izan dira, eta baita bakearen aldeko, talde memorialistetako eta gerraren aurkako hainbat elkartetako delegatuak, kultur arloko jendea, eta bestelako hainbat gizarte eragile ere.
Donostia hiri turistikoa izanik, eguraldi ona lagun, milaka bisitari zebiltzan Alderdi Ederren. Horietako askoren arreta erakarri du ekitaldiak, eta bereziki Fadelen hitzaldiak, ingelesez aritu baita. Irlandatik etorritako kuadrilla batek, esaterako, behin agerraldia bukatuta eskua eman die Sol Band taldekoei elkartasun keinu gisa, eta argazki bat atera dute kufija batekin. Gainera, Irlandako gazteetako batek Palestinako bandera zuen kamiseta bat zeraman jantzita.
Ekitaldiaren barruan, datu batzuk ere eman dituzte Gernika-Palestinakoek. Adierazi dute azken urte eta erdian Israelgo armadak 50.000 palestinar baino hil dituela Gazan; tartean, 16.000 haur. Zaurituak ia 122.000 direla esan dute, eta azpiegituren %70 suntsituta edo larri kaltetuta daudela. Zisjordanian mila hildakoren langa gainditu dela ere salatu dute. Emandako datuen arabera, bi egunetik behin haur bat hiltzen da. 2024. urtean, inoiz baino lur eremu handiagoa okupatu zuen Israelek: 23,7 kilometro koadro. «Egoera guztiz larria da. Mundua sarraski bat, genozidio bat, herri oso baten suntsiketa ikusten ari da. Hori ezin dugu normalizatu».