Ohikoa da Israelgo armadak palestinarrak giza ezkutu gisa erabiltzea. Hori kontatzen duen erreportaje bat kaleratu du gaur AP Associated Press berri agentziak, iturri moduan baliatuta hala soldadu israeldar batzuk nola ezkutu gisa erabilitako zenbait palestinar. Bai nazioarteko legediak bai Israelgo Auzitegi Gorenak debekatu egiten dute hala jokatzea. Artikulua argitaratua izan ondoren, Israelgo armadak adierazpen bat bidali dio APri, eta nabarmendu soldaduek debekatua dutela praktika hori, eta kasu batzuk ikertzen ari direla.
APren informazioaren arabera —Israelgo hedabideetan ere jaso dute erreportajea—, praktika horrek helburu du etxeetan eta tuneletan sartzea, ziurtatzeko hutsik daudela, hau da, segurtatzeko leku horietan ez dagoela ez miliziano islamistarik, ez horiek aktibatu dezaketen bonbarik. Soldaduek diotenez, zibil palestinarrak hartzen dituzte horretarako: uniforme militarra janztera behartu, eta kamera bat jartzen diete kopetan.
Lekukotza eman duen palestinar baten hitzetan, bi astez atxiki zuten, eta, tarte horretan, soilik giza ezkutu gisa erabili behar zutenean askatzen zuten eta kentzen zioten begiak estaltzeko jarria zioten zapia. «Jo egiten ninduten, eta zera esan: 'Ez duzu beste aukerarik; egiten ez baduzu, hil egingo zaitugu'», kontatu dio APri.
Soldaduen hitzetan, praktika hori ohikoa bilakatu da 2023ko urritik, hau da, Israelek Gazako setioa hasi zuenetik. Israelgo armadak erantzun du soldaduei «egunero» esaten diela debekatuta dagoela halakoak egitea. Aintzat hartu behar da Israelek berak Hamasi egozten diola giza ezkutuak erabiltzea. Nolanahi ere, giza eskubideen aldeko taldeek urteak daramatzaten salatzen Israelek era horretan jokatzen duela bai Gazan bai Zisjordanian; Auzitegi Gorenak ezarritako debekua 2005ekoa da.
Bien bitartean, zerrenda gupidarik gabe bonbardatzen segitzen du Israelek, eta, Gazako Defentsa Zibilak nazioarteko zenbait hedabideri jakinarazi dienez, gutxienez hamabost pertsona hil dituzte gaur. Gazako Osasun Ministerioaren datuak aintzat hartuta, Israelek 53.901 pertsona hil ditu Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik, eta 122.500 inguru zauritu.
Telefono deiak
Indarkeria ez da soilik Gazako kontua. Izan ere, Zisjordania okupatuaren hegoaldean, Israelgo indarrek palestinar bat hil dute tiroz. Armadak ohar batean jakinarazi duenez, pertsona bat sastakatu behar zuelako egin diote tiro. Israelgo 12 telebista katean esan dute kolonoen kokagune batean hil dutela.
NBE Nazio Batuen Erakundearen zenbaketa aintzat hartuz, aurten bederatzi kolono hil dituzte Zisjordanian; iturri beraren arabera, kolonoek eta estatu indarrek 132 palestinar hil dituzte.
Bestalde, Israelgo Zuzendaritza Zibernetikoak jakinarazi duenez, ezkutuko zenbakia zuten telefono deiak egin dizkiete gaur israeldar batzuei. Estatuaren agentzia horrek kaleratutako oharraren arabera, aurrez grabatutako mezu batzuk aditu dituzte dei horietan —Gazan bahituta dauden israeldarrei egindako bideoetatik ateratakoak dira—, baita tiro eta leherketa hotsak ere.