Bakegintza

Gernika saria emango diete bonbardatzea aztertu duten historialariei

Jonathan Powell, David Harland, Brian Currin eta Ram Manikkalingam ere saria jasotzeko hautagai ziren. Alkatearen taldearen proposamena atera da aurrera.

Gernika sariak emateko iazko ekitaldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKJ
Gotzon Hermosilla, Enekoitz Esnaola
2019ko otsailaren 6a
07:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Udalak ematen dituen Bakearen eta Berraskidetzearen aldeko XV. Gernika sariak Paul Preston, Angel Viñas eta Xabier Irujo historialariei emango dizkiete, Gernikako 1937ko bonbardatzearen inguruan egin dituzten ikerketak direla eta. Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioari ere emango diote saria, giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik eta, bereziki, Jordaniako errefuxiatu eremuetan egindako kudeaketa lanagatik.

Jose Maria Gorroño alkatearen Euzko Abertzaleak taldeak azkeneko unean egindako proposamena izan da aurrera egin duena. EAJrekin koalizioa du Gorroñok, eta 11 hautetsi dituzte. Batzordea osatzen duten gainerako taldeetako batzuek ere aurkeztu dituzte hautagaiak: Gernika Batzordeak, Gernikatik Mundura elkarteak eta Gernika Gogoratuz fundazioak. Gaur goizean elkartu da epaimahaia, alkatetzan.

Gernika Batzordeak, esaterako, Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteburu ohi eta diplomazialaria, David Harland Henri Dunant Suitzako fundazioko zuzendaria, Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko presidentea eta Ram Manikkalingam NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko presidentea proposatu dituzte, "euskal gatazkaren konponketan egin duten lanagatik". Proposamen horrek, baina, ez du aurrera egin. 

Pforzheim-eko Udala (Alemania) ere bada batzordeko kidea, baina aurten ez du sarietarako proposamenik egin.

Ohi bezala, apirilaren bukaeran izango da sari ematea,Gernikaren bonbardatzearen urteurrenaren bueltan. Iaz, Daniel Barenboim orkestra zuzendariak eta Helena Maleno kazetari eta ikerlariak jaso zuten saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA