Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Lanbide Heziketako ikasketak hasi dituzten ikasleak %4,8 igo dira 2025-2026 ikasturtean. Guztira 50.902 lagunek hasi dituzte ikasketak, eta kopuru hori gainditzea espero dute, matrikula zabalik baitago urriaren 17ra arte.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu du ikasturtearen hasiera ekitaldian. Elgoibarko CIFP Meka ikastetxea (Gipuzkoa) aukeratu dute, Elgoibarren Lanbide Heziketa ezarri zenetik 125 urte bete direla eta. Pradalesekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga eta Meka zentroko zuzendari Jose Maria Beristain ere izan dira irekiera ekitaldian.
Bertan eman dituzten datuen arabera, aurreko ikasturtearekin alderatuta, 2.920 leku gehiago eskaini dira aurten. Guztira, 65.710 ikaspostu daude; horietatik gehienak goi mailako ziklokoak dira, eta %69 sare publikoan eskaintzen dira. Lurraldeei dagokienez, 7.461 leku daude Araban, 24.370 Bizkaian eta 19.071 Gipuzkoan. Sexuari dagokionez, matrikulatu direnen %35,6 emakumezkoak dira.
Euskarazko ikasketen eskaintza kontuan hartuta, %9,7 handitu da sare publikoan, eta ingelesa hizkuntza gehigarri gisa duten zikloen eskaintza, berriz, %20,5 igo da (846 ikasle).
Bestalde, ziurtagiri profesionalak 225 ikaspostu gehiagotan eskainiko dira ikasturte honetan (1.650 leku). Halaber, jakinarazi dutenez, 7.000 leku inguru izango dira egoera ahulenean dauden ikasleentzat, oinarrizko graduen, erdiko mailen, ibilbide egokituen eta prestakuntza modularraren bidez.
Gero eta ikasle gehiagok egin dute Lanbide Heziketaren aldeko hautua, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Ia 51.000 ikaslek aukeratu dute LHko zikloren bat aurtengo ikasturtean, aurrekoan baino %4,8 gehiagok. 65.710 ikaspostu eskaintzen dira, horietatik gehienak goi mailako ziklokoak dira, eta %69 sare publikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu