LEGEBILTZARRA

Geroa Baik eta Ezkerrak nork bere hautagaiari eusteko asmoa dute senatariaren aukeraketan

Adostasunik ez da egon Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen batzordearen lehen saioan.

Legealdiko lehen saioa izan dute gaur Nafarroako Legebiltzarrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko irailaren 2a
08:42
Entzun

Urte politikoa abiatu du Nafarroako Legebiltzarrak, eta lehen saioan agerian gelditu da batasun estrategikoa desegin dela aurreko gobernuari eusten zioten lau taldeen artean —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra—. Gaur goizeko bilkuran azaleratu egin dira Geroa Bairen eta Ezkerraren arteko desadostasunak senatari autonomikoa aukeratzeko tenorean.

Izan ere, Ezkerrak dio hari dagokiola hautagaia proposatzea, lau indarrek apirilaren 28ko hauteskundeei begira eginiko hitzarmenean hala jaso zutelako. Geroa Baik, berriz, uste du itun hori posible egin zuten baldintzak aldatu egin direla eta akordioa bera ez dagoela indarrean. Hortaz, hautagai propioa aurkezteko asmoa du, PSNrekin ados jarrita.

Apirileko itun hartan, lau indarrek senaturako hautagaitza adostu zuten, "Aldaketa" izenpean. Zerrenda hartan, postu bana zegokien Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-ri. Ezkerrari, berriz, senatari autonomikoa aukeratzeko eskubidea zegokion, gainontzeko hiru taldeen babesarekin. Aldaketaren zerrendak ez zuen senataririk lortu maiatzeko hauteskundeetan (hiru senatari eskuratu zituen Navarra Sumak, eta laugarrena, PSNk).

Hori dela eta, Geroa Baik uste du akordio horren "irakurketa zorrotz" batek frogatzen duela ituna ez dagoela jada indarrean: "Akordioa apirilaren 28an bertan erori zen, Aldaketako hautagaiek senatuan ordezkaritzarik lortu ez zutenean".

Senataria aukeratzeko, hautagaiek Nafarroako Parlamentuaren gehiengo soila behar dute. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k esana dute Ezkerrako hautagaia babestuko dutela, eta, beraz, hamar parlamentariren botoak izanen lituzke. Geroa Baik, berriz, PSNrekin ados jarrita, hogei izango lituzke, Navarra Sumak bezainbeste, eskuineko koalizio espainiazaleak ere asmoa baitu hautagai bat aurkezteko. Kasu horretan, Navarra Sumarentzat litzateke senataria, berdinketa izanik boto gehien jaso zituen zerrendako hautagaia aukeratu behar delako.

Gaurko saioan, EH Bilduk berretsi du Ezkerraren alde eginen duela. Ahal Dugu-k, berriz, ñabardurekin babestu du apirileko akordioa: "Gure botoak izanen ditu Ezkerrak, babes handiagoa bilatzeko". Alderdiak ez du argitu nahi izan zer gertatuko litzatekeen Ezkerrak egun duen babesa handituko ez balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.