Eskola publiko guztietan seinaleztapenak euskaraz ere jartzeko eskea egin dio Geroa Baik Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari. Gaur jakinarazi du asmoa, eta eskea egiteko mozioa heldu den astean eramango du Nafarroako Parlamentura, ostegunean.
Hezkuntza Departamentuari eskatuko dio Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuarekin batera egiteko eskabidea betetzeko urratsak. Prentsa ohar baten bidez eman du talde politikoak eskariaren berri; aditzera eman duenez, euskararen «aitorpenerako eta sustapenerako» aurrerapauso bat gehiago da. Gogora ekarri du A, B eta D ereduen bidez euskarazko irakaskuntza edo euskara ikasgai moduan duten zentroetan bermatu behar direla «bereziki» seinale elebidunak. Horiek horrela, horiek lehenesteko eskatuko du.
Mikel Asiain parlamentariak azaldu du euskara begien bistan jartzea zein garrantzitsua den. «Irudiaren garaian bizi gara, eta horregatik dira hain garrantzitsuak seinaleztapena eta seinaletika gure gizartean», gogora ekarri du. «Hezkuntzaren eta kulturaren ikuspuntu hutsetik ere, nahitaezkoa da herritarrek kartel edo seinaleen bitartez bi hizkuntza propioekin kontaktu minimo bat edukitzeko aukera izatea».