Geroa Baik oraindik ez du erabaki nor izango den hautagaia

Ana Ollok funtsezkotzat jo du ultraeskuinari aurre egingo dioten gobernuak izatea. Haren ustez, politikaren eta lan zorrotzaren bitartez egiten zaio aurre, «eta ez hitzaldi sutsuak eginez».

Uxue Barkos, artxiboko irudi batean, JESUS DIGES / EFE
Uxue Barkos, artxiboko irudi batean, JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 20a
16:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNk jada badu lehendakarigaia, eta argi dago ere PSNrena zein izango den. Urtebete baino gehiago falta delarik, baina, Geroa Baik ez du presarik. Uxue Barkosek ez du argitu berriro ere zerrendaburu izango ote den Nafarroako foru hauteskundeetan. Haren esanetan, EAJren eta Geroa Sozialberdeen arteko koalizioan oraintxe bertan ez dira hitz egiten ari hautagaiez. Argi utzi du, hori bai, guztiek Geroa Bairen aldeko apustu irmoa egiten dutela.

Geroa Bairen Iruñeko egoitzan prentsaurrekoa eskaini dute Uxue Barkosek eta Ana Ollok. Geroa Baiko bi ordezkarien arabera, eskuin muturra goraldian den garai honetan, gizarte ongizateari eta eskubide sozialei dagokienez atzera egiteko arriskua dago. Dena den, uste dute ultraeskuinari politikaren eta lan zorrotzaren bitartez egiten zaiola aurre, «eta ez hitzaldi sutsuak eginez». Espainian Gabriel Rufian ERCko diputatuak egin duen proposamenari begirako gogoeta izan da. Funtsezkotzat jo dute mehatxuari aurre egingo dioten gobernuak izatea.

Nafarroan ez dago argi zer gertatuko den hurrengo legealdian. Foru hauteskundeei begira, Barkosek aurreratu du koalizioaren aldeko konpromiso irmoa dagoela. «Geroa Baitik kanpo zenbaitek gogo handia dute Geroak Baik jarrai ez dezan, baina Geroa Baik aurrera jarraitzen du eta osasun instituzional oso ona du, eta pentsatu nahi dugu ere Nafarroan ere osasun bikaina duela». Barkosen iritziz, Nafarroak nahi du oraingo bidetik jarraitzea, eta pluraltasuna islatuko duen gobernu bat osatzea. Dena den, ausardia eskatu dio PSNri. Autogobernuari dagokionez, kasurako.

Azken hamar urteetan Ana Ollok zuzentzen duen departamentuak memoriaren arloan egindako lana azpimarratu du koalizioak. Ollok gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak urte luzez bizkarra erakutsi zietela motibazio politikoko biktimei eta 36ko gerrak eragindakoei. Era berean, ezker abertzaleak «indarkeria terrorista legitimatuko duten kontakizun konpentsatzaileak egin izan ditu».

Olloren esanetan, Geroa Baik memoria arloko bere agenda propioa bultzatu du, «jatorri politikoko indarkeriaren biktima guztiekin» hitz eginez. Barkosek gogora ekarri du UPNk asko hitz egiten duela biktimez, baina «ekintza gutxi» egiten duela: 2015ean Nafarroako Gobernura heldu zirenean, ETAren biktima asko babes gabe zeuden. Ollok gaineratu du 2010eko legea «zekena» dela, eta beste lege aurreproiektu bat bideratzen ari direla orain».

Gainera, hamar urteotan 700 ikur frankista kendu ditu gobernuak, eta jazarpen frankistaren toki ugari memoria gune bihurtu, leku publiko horiek demokratizatuz. Halaber, motibazio politikoko biktimen 2019ko legea nahikoa ez dela onartu arren, Ollok uste du biktima horiei eta torturatuei aitortzarako bide bat irekitzen diela. 

Azkenik, Barkosek gogora ekarri duenez, Geroa Baik, beste bederatzi talderekin batera, Manuel Fragaren ikur bat kentzeko eskatu du Espainiako Senatuan, Gasteizko eta Montejurrako sarraskiak haren ardurapean gertatu zirelako. Aste honetan, Espainian ospatu egin dute 1978ko Konstituzioa izan dela historian urte gehien iraun duena. Hori ikusirik, Barkosek lotsagarritzat jo du oraindik lege frankistak egotea Konstituzioaren babespean. Hala nola sekretu ofizialen legea. Eta galdera bat erregistratu du berriz Senatuan: ea lege hori indargabetuko al duen. «Badakigu zer erantzungo duen, baina PSOE ispiluaren aurrean jarri nahi dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.