Uxue Barkos izango da Geroa Bairen apustua 2027ko foru hauteskundeetan Nafarroako presidentegai izateko. Uxue Barkos Nafarroako presidente izan zen 2015 eta 2019 artean, eta egun senataria da Espainiako Gorteetan. Beraz, duela hamar urte baino gehiago egin bezala, Madrildik Iruñerako bidea hartuko du berriz ere, koalizioak uste baitu hura dela «Nafarroa gidatzeko pertsonarik onena» datozen urteetan aurrez aurre izango diren erronkei heltzeko. Besteak beste, gizarte eta ekonomia arloak, zerbitzu publikoen eraldaketa, trantsizio energetikoa eta lurralde garapena aipatu dituzte lehentasunen artean.
Iritzi diote garai hauetan ezin dela atzerapausorik eman Nafarroan azken urteetan lortu diren aurrerapen horietan: «Eskubideen, zerbitzu publikoen, berdintasunaren, bizikidetzaren, garapen ekonomikoaren eta autogobernuaren arloan eraikitako guztia ahalegin handiaren eta akordio sozial eta politiko zabalen emaitza da, eta asko dago jokoan», oroitu dute.
Koalizioak uste du Nafarroak Barkos behar duela aurrerapen horiei guztiei eusteko, eta baita beste bultzada bat emateko ere, «komunitate justuago, bidezkoago, oparoago, kohesionatuago eta pluralagoa» lortzeko.
Ohar batean adierazi dutenez, erabaki horren bidez Geroa Baik «konpromiso irmoa» hartu nahi du «Nafarroako gizarteari aurrerantzean ere proiektu aurrerakoi eta plurala eskaintzeko, eta Nafarroaren etorkizunarekin konprometitua dagoena». Erakunde publikoak babestuko dituztela adierazi dute, eta beren politiken inguruan erabakitzeko gaitasuna nahi dutela ere azpimarratu du.
HOGEI URTETIK gorako bidea
Uxue Barkos Iruñean jaio zen, 1964an. Kazetaria eta politikaria da. Nafarroako Foru Erkidegoko presidentea izan baino lehen, Espainiako Gorteetako diputatua izan zen 2004tik 2015era, eta, bitarte horretan, 2007tik 2015era Iruñeko Udaleko zinegotzi ere izan zen. Egun, berriz, Espainiako Senatuan eserleku bat du, Nafarroako Parlamentuak hala erabakita.
Lehenago kazetari lanetan aritu zen Espainiako irrati eta telebista publikoetan, Navarra Hoy egunkarian eta ETBn; Madrilgo berriemailea izan zen
.
Barkosen proposamena Geroa Bai osatzen duten alderdi guztiek berretsi dute: Geroa Sozialberdea taldeak, EAJk eta Atarrabia taldeak. Erantsi dute, gainera, hiru taldeek elkarrekin lan egiteko borondatea dutela.
Hain zuzen, EAJk, beste ohar batean, Geroa Bairen aldeko apustua berretsi du, «Nafarroa anitz eta askotarikoa» eraikitzeko tresna gisa. Hala zehaztu du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta Napar Buru Batzarreko presidenteak: «Geroa Bai koalizioa berriz eratzeko hartu dugun erabakiak esan nahi du jarraipena emango diogula Nafarroaren aniztasuna ordezkatzeko gaitasuna erakutsi duen proiektuari». Era berean, koalizioak erakundeen kudeaketarako zein akordioak erdiesteko erakutsi duen gaitasuna nabarmendu du, eta «sinesgarritasun eta eskarmentu» horren ikurtzat jo Barkos bera.
Barkosek gaur arratsaldean egingo du bere hautagaitza aurkeztu ondorengo lehen hitzaldi publikoa, Baluarten, koalizioak antolatutako urte politikoaren hasierako ekitaldian.
Lau emakume
Barkosen izendapena jakinarazita, argitu da nor izango diren azken foru hauteskundeetan boto eta eserleku gehien eskuratu zuten lau alderdien hautagaiak; denak emakumeak izango dira. 2023ko hautagaitzei eutsi diete PSNk eta EH Bilduk, eta hurrenez hurren, Maria Txibite egungo Nafarroako presidentea eta Laura Aznal taldeko bozeramailea izango dira bi indar horien zerrendaburuak. Lehen aldiz aurkeztuko da, berriz, Cristina Ibarrola UPNko presidentea. Iruñeko alkate ohiak 2024an hartu zuen alderdiaren buruzagitza, eta erregionalisten hautagaia izango da.