Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, balkoi txiki batean eskegita, laranja kolore biziko banderatxo bat ageri da, Elkar mugituz egingo dugu esaldiarekin. Plazako saltoki eta tabernetan ez dago Euskaraldiaren beste bereizgarririk. Mendia optika dendak bai erakusleihoan bai eraikinaren kanpoaldean paratu ditu Euskaraldiarekin lotutako ikurrak, eta langile gehienek jarrita dauzkate ahobizi eta belarriprest txapak. «Guk egunero egiten dugu euskaraz; lehen hitza behintzat euskaraz egiten saiatzen gara, areago Euskaraldian», azaldu du Arrate Zapateria saltzaileak. Halere, betaurreko dendakoak kenduta, nekez suma daiteke Euskaraldiaren arrastoa hiriko saltokietan edo tabernetan.
Euskaraldiak elkarte, saltoki, enpresa eta bestelakoen parte hartzea bultzatu du aurten, baina ez du ekinaldi berezirik abiatu Gasteizko eremu sozioekonomikoan. Entitateei gonbita egin diete Euskaraldiarekin bat egiteko, eta hala erabaki dutenek nolabaiteko konpromisoa hartu dute entitate barruan eta bezeroekin dituzten hizkuntza ohiturak aldatzeko. Gasteizen bada Euskaraldiarekin konpromisoa hartu duen komertziorik eta enpresarik, baina, oro har, apenas ikusten den ikurrik erakusleiho eta atarietan.
%54,7Zenbat establezimendutan ematen duten zerbitzua euskaraz Gasteizko 150 establezimenduetatik %54,7tan ematen dute jendaurreko arreta euskaraz, Aenkomer elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak egindako diagnostikoaren arabera.
Hala eta guztiz ere, datuek erakusten dute egunerokoan gero eta euskara gehiago entzuten dela Gasteizen, eta horrek baduela eragina kontsumo ohituretan ere. Aenkomer Arabako Merkataritzako eta Zerbitzuetako Enpresarien Elkarteak, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, aldiro aztertzen du euskararen presentzia eta erabilera zenbatekoak diren dendetan, ostalaritzan eta bestelako establezimenduetan. Orain gutxi egin dute azken inkesta, eta, haren arabera, Gasteizko 150 establezimenduetatik %54,7tan bermatua dago euskarazko zerbitzua, alegia, badute euskaraz dakien edo ulertzen duen langilerik —%23,7 ziren 2020an—. Eta establezimendu horien erdiek baino gehiagok (%54) euskararen aldeko kanpainetan parte hartu zuten iaz (Euskaraldia, Enpresen Foroa...).
Bai Euskarari Elkarteak, bestalde, hitzarmena sinatua du Gasteizko Udalarekin, euskararekin konprometitutako entitateekin euskararen mapa osatzeko, eta, haren bidez, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko arlo sozioekonomikoan. Gaur egun, 132 entitatek osatzen dute mapa hori, eta horietatik ia berrogei dira saltokiak, enpresak edo tabernak —2013an, 50 entitate inguru ziren— . «Mantso» bada ere, urtez urte geroz eta gehiago batzen dira mapara, Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari elkarteko arduradunak azpimarratu duenez. Madernazek uste du «urte osoan» daudela «euskararen alde engaiatzeko motiboak», nahiz eta Euskaraldia akuilu izan.
Enpresatan ere bai
Enpresen artean bada konpromisoari urte osoan eusten dionik. Gasteizen bertan dago RPK enpresa talde kooperatiboa, Betoñuko industrialdean —malgukiak fabrikatzen aritzen dira, nagusiki— , eta hainbat egitasmo dauzka martxan euskararen erabilera sustatze aldera: Euskara Batzordea sortua dute, Euskara Plana abian jarria, eta Korrikari eta Euskararen Egunari atxikimendua agertu izan diote beti, baita Euskaraldiari ere. Hala egin dute aurten ere: txapak banatu dituzte langileen artean, eta bereizgarriak paratu lantegiko atarian. «Aitzakia ona da euskararekin dugun konpromisoa azaleratzeko», azaldu du Gaizka Gonzalez de Matauko Euskara Batzordeko kideak.
Enpresak euskararekin duen konpromisoa balio erantsitzat jo du Ander Aranzabal batzordeko kideak, ezaugarri horrek sektoreko gainerako enpresetatik desberdintzen dituenez gero: «Preseski, Arabako enpresa industrialen artean erreferente gara euskara sustatzen dugulako».
Euskaraldiak iraun bitartean, RPKn ahalegina egiten ari dira enpresako langileen hizkuntza ohiturak aldatzeko, nahiz eta aitortu beti ez dela samurra izaten: «Kosta egiten da euskaraz ez dakitenei lehen hitza euskaraz esatea, ez baikaude ohituta», aitortu du Aitor Grisaleña enpresako kideak. Hala ere, uste du txapa jartzea oso lagungarri zaiela jakiteko zer lankidek dakiten euskaraz.
Gasteizen ez ezik, RPK-k lantegiak ditu Tarragonan (Herrialde Katalanak), Errioxan (Espainia), Mexikon, Indian eta Txinan ere. Hain justu, eta euskararen aldeko keinu bat egite aldera, Indiako eta Mexikoko langileen artean ere banatu dituzte Euskaraldiko txapak.
