«Generikoak ondo daude. Murrizten dute gastua». Txerra Bolinagak ondo ikasi du ikasgaia; gainerako botiken igualak dira botika generikoak, baina marka jakin batekoak ez direnez, merkeagoak. Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko kidea da, eta GIB birusak jotako pertsonekin lan egiten duten gainerako elkarteek bezala, erakunde honetako kideek, generikoen aldeko iritzi oso ona izan arren, kezka azaldu dute botika hauekin hiesak jotako pertsonak tratatzeko orduan arazoak sor daitezkeelako.
Osakidetzak astelehenetik aurrera errezetatuko dituen generikoen artean ez dago GIBari aurre egiteko bakar bat ere. Baina badira GIBdunen artean botika generikoak emateko egitasmoak ere Osakidetzan, eta horregatik utzi nahi izan dute agerian beren kezka. Hiesak jotako gaixoek izaten duten ezaugarrietako bat izaten da ezinbestean botikak hartu behar izatea; orain urte batzuk sendagai pila bat hartu behar izaten zituztela. Denborarekin, nabarmen urritu zaie pilula kopurua; izan ere, badira pilulak botika bat baino gehiago hartzeko balio dutenak. Generikoen aldeko hautua egiten bada, ordea, berriz, pilulak ugalduko zaizkien kezka dute. «Gerta daiteke orain pilula bat hartzea, eta, generikoekin gehiago», adierazi du Txerra Bolinagak. «Beldurra hori da». Kezka horren berri emateko agerraldia egin zuen orain hilabete batzuk Euskalsida erakundeko —bertan batzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan GIBdunen alde ari diren erakundeak— presidente Miguel Angel Ruizek.Egin beharreko aldaketak egitean erien iritzia kontuan hartzeko eskatu zuen.
Gaixoen iritzia aintzakotzat hartu dutela adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko informazio iturriek. «Arrazoizkoak iruditzen zaizkigu haiek egindako iradokizunak». Nolanahi ere, egoera ekonomikoa zaila dela onartu dute, eta oraindik ez dutela batere argi zer erabaki klase hartuko duten. Erien elkarteekin harremanetan daudela diote.
«Gerta daiteke orain pilula bat hartzea, eta, generikoekin, gehiago»
GIBak jotakoekin lanean diharduten elkarteek kezka azaldu dute generikoen erabileraren harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu