«Auzoa egiten» lagunduko duen Polizia «gertuko eta komunitario» baterako bidean

TMeLabek antolatutako jardunaldian, segurtasun eredu alternatibo baterako ideiak eman dituzte. Ondarroako, Iruñeko eta Bartzelonako adibideak aipatu dituzte mahai inguru batean.

Udaltzainen eredu alternatiboari buruzko solasaldia, gaur goizean, Bergaran. JON URBE / FOKU
Udaltzainen eredu alternatiboari buruzko solasaldia, gaur goizean, Bergaran. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 14a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrietako segurtasuna ez dago udaltzainen esku soilik. Eta Polizia ez da segurtasunaren ardatz esanguratsuena. Hari horri tiraka, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak Udako Eskola Irekiak antolatu ditu Bergaran (Gipuzkoa), eta «hurbileko polizia eredu» baten alde egin dute.

Ertzaintza, Foruzaingoa eta tokian tokiko udaltzaingoen eredu alternatibo baterako gakoak aipatu dituzte Aitzol Osa Ondarroako (Bizkaia) udaltzainburuak, Imanol Beroitz udaltzain eta LAB sindikatuko ordezkariak, Julia Trias Bartzelonako Udaleko Segurtasun aholkulari izanak eta Endika Alonso Iruñeko Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza zinegotziak. «Auzoa egiten» lagunduko duen Polizia «gertuko eta komunitario» bat nahi dute.

Beroitzek bestelako eredu bat behar dela uste du: «Bateratua dagoen horretatik atera behar dugu: hautaketa prozesu propioa egitea da udaltzainen profila markatzeko modua, besteak beste, gaitegia zehazteko aukera ematen duelako».

Hain zuzen, Osak azaldu du Lea-Artibai eskualdeko zenbait herritan (Bizkaia) araudi bat egin dutela hori lortzeko, eta udaltzainen hautaketa prozesu propioak egiten dituztela. «Komunean egin ditugu Lekeition, Ondarroan eta Markinan, eta uste dugu emaitzak oso onak izan direla». Hautetsiak erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu du ondarroarrak, eta haien erabakien eta noranzkoaren parte egitea aukeraketa hori.

Azpimarratu du garrantzitsua dela «egungo estereotipotik kanpo» dagoen harrobi bat izatea , eta harrobi horren falta nabari du Osak. «Aguazil prototipo berri bat» lortzeko sortu dute gaitegi propioa prozesurako, eta bitartekaritza, trans ikuspegia eta herriaren ezagutza txertatu dituzte, adibidez. Iruditzen zaio «oso beharrezkoa» dela udaltzainek herria eta bertako ordenantzak ezagutzea, esaterako. 

Iruñean martxan daude udaltzain komunitarioak deritzenak, eta emaitza «positiboa» izaten ari dela adierazi du Alonsok. «Haien betebeharra laguntzea da; soilik hori jada berrikuntza bat da jende askorentzat».

Segurtasuna transbertsalki lortzea

Triasek, berriz, Bartzelonako Udaleko Segurtasun aholkulari izan zeneko eredua azaldu du. Argitu du Polizia engranajearen beste pieza bat dela, eta formakuntza garrantzitsua dela horretarako. Beren agintaldian martxan jarritako neurri batzuk azaldu ditu, besteak beste, udaltzainek patruilarik ez egitea; lurralde bakoitzeko Poliziak eredu deszentralizatua edukitzea diseinuari, aplikazioari eta formari dagokionez; eta udaleko sail guztien arteko transbertsalitatea eta elkarlana.

Osari iruditzen zaio polizia eredu komunitarioa baino, segurtasun komunitarioa landu behar dela. Iritzi dio segurtasun ereduak «poliedro» itxura duela, eta Polizia ez dela inondik ere aurpegi bakarra, «ezta garrantzitsuena ere». «Herri edo hiri bateko segurtasunaz erabakitzean, zer hiri eredu nahi dugun ere erabakitzen ari gara», gaineratu du Alonsok.

Parte hartzaile guztiak bat datoz: segurtasuna lantzeko, funtsezkoa da poliziek udaleko gainerako alorrekin transbertsalki lan egitea. Alonsok adibide argigarri bat eman du: «Ezin dugu esan segurtasuna Poliziaren ardura soilik denik. Askotan, kaleko argi batek lan handia egin dezake segurtasunaren pertzepzioaren alde». Horretarako, agerian utzi du udaleko sailen arteko lankidetza transbertsala «ezinbestekoa» dela, eta Iruñeko egoerari erreparatu dio: «Prebentzioa oso garrantzitsua da. [Iruñeko] Segurtasun eta Bizikidetza Planak hamar lerro ditu, eta gehienek udaleko gainerako alorrekin dute zerikusia».

«Kontrola» Arkautitik

Hautetsien trebakuntzari dagokionez, Beroitzek iritzi dio azken hamar urteetan «monopolio eta kontrol izugarria» egiten ari direla Arkautitik, eta, adibidez, lehen martxan zeuden eskola batzuk itxi dituztela. «Ez dago norbere prozesua egin eta plaza finkoa lortzeko aukerarik; udalei aukera hori kendu zaie».

Beroitzek salatu du Ertzaintzaren eredua sortzearekin batera zabaldu egin zela hura, eta orain udaltzaingoa ere badela eredu bateratu horren jarraipena. Azaldu du udaltzainak Arkautin hezteak edota polizia etxe bateratuak egiteak aldatu egin duela jendeak udaltzainei buruz duen pertzepzioa: «Herritarrengandik gertuen zegoen Polizia da, eta eredu bateratu horrek ekarri du gertu zegoena urrun sentitzea». 

LABeko kideak gaineratu du ez dagoela apustu politikorik ordezkari politikoen aldetik: «Ez dago apustu politiko eta sistemikorik hurbileko Poliziaren alde. EAEko Polizia Legean ez da haren aipamenik egiten, ezta 2012ko Segurtasunaren Legean ere». 

Hala, adierazi du udaltzaingoak berreskuratu egin beharko lituzkeela «berez jada indarrean dauden konpetentzia batzuk» baina egun erabiltzen ez dituztenak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA