Oheen eta janariaren egoera txarra, egoiliarrak egoki artatzeko babes material falta, mediku eta erizain falta... Getxoko (Bizkaia) San Esteban zahar etxe pribatuko adinekoek jasaten duten egoera «larria» dela salatu du LAB sindikatuak. «Are larriagoa», hango beharginek jasaten duten «lan eskubideen urraketa sistematikoaren» ondorioz. Sindikatuak salatu duenez, «langileei jazarriz, haiek mehatxatuz eta kaleratuz» erantzun diete egoitzako arduradunek mobilizazioei eta grebei. Gaur manifestazioa egin dute hori salatzeko, eta beste bat egingo dute apirilaren 15ean, 13:00etan, Romo Kultur Etxetik abiatuta.
Getxoko San Esteban egoitzako langileek urteak daramatzate lan eskubideen kontrako urraketak jasaten, LABek salatu duenez. 21 emakumek lan egiten dute zahar etxean, eta 64 erabiltzaile daude. Sindikatuak nabarmendu duenez, andrazkoak baino ez dituzte kontratatzen, eta horietatik %90 baino gehiago emakume migratuak dira.
Egoera ikusirik, antolatu egin dira, eta azken hilabeteetan mobilizazioak eta grebak egin dituzte. Gaur bertan, zahar etxera arteko manifestazioa egin dute beharginek, Gobela kiroldegitik abiatuta. Langile gehienak lanean egon arren, ia 50 lagun batu dira protestara.
«San Esteban borrokan» eta «gure eskubideekin ez da jolasten» aldarrien artean egin dute gaurko martxa. Are, «esklabo gisa» tratatzea egotzi diote beharginek nagusiari. LABen helburua zera da, enpresak errespeta dezala Bizkaiko adinekoen egoitzetako hitzarmen kolektiboa, uste baitu azken hamarkadetan ez duela errespetatu.
«Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeaz aparte, erabiltzaileentzat ere onuragarriak diren eskaerak lehen planoan jarri nahi ditugu»
KRISTIAN URZANKI LABeko sektore soziosanitarioko eskualdeko ordezkaria
Horrez gain, beste hainbat urraketaren berri eman du sindikatu horrek: material falta eta ratioen handitzea, besteak beste. Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean, horiek bukatzeko eskatu diete egoitzako arduradunei. «Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeaz aparte, erabiltzaileentzat ere onuragarriak diren eskaerak» lehen planoan jarri nahi dituzte, Kristian Urzanki LABeko sektore soziosanitarioko eskualdeko ordezkariak azpimarratu duenez.
Jazarpen sindikala eta kaleratzea
Joan den abenduan, hauteskunde sindikalak egin zituzten San Esteban egoitzan. Hauteskunde prozesua hasi zenetik, enpresaren zuzendaritzak «LABen kontrako kanpaina» abiatu zuela adierazi du Urzankik. Hauteskundeetan LABek eskuratu zituen ordezkari guztiak. «Ordutik jazarpen sindikala areagotu egin da», salatu du Urzankik.
LABeko ordezkariak esan duenez, azken hilabeteetan hainbatetan jo behar izan dute lan ikuskaritzara, «lan eskubideen urraketak sistematikoak direlako eta egoitzako arduradunak langileen ordezkariekin bildu nahi ez duelako».
«Oraingoan ni kaleratu naute, baina bihar zuetakoren bati gerta dakioke. Beraz, jarrai dezagun borrokan»
Kaleratutako langilea
Urzankiren hitzetan, arduradunak sindikatuko ordezkariei adierazi zien ez zuela haiekin biltzeko inolako asmorik: «Egoitza bere etxea dela esan zuen, eta, hitzarmenen gainetik, bere etxean berak agintzen duela».
Erabaki horrek ondorioak ekarri dizkie langileei: zuzendaritza langileak kaleratzen hasi dela salatu du sindikatuak. Hain zuzen, hogei urtez egoitzan lanean aritu den behargin bat kaleratu dute. Gaurko manifestazioa bukatzerakoan, hark eskerrak eman nahi izan dizkie lankideei, emandako babesagatik: «Oraingoan ni kaleratu naute, baina bihar zuetakoren bati gerta dakioke. Beraz, jarrai dezagun borrokan».

Egoiliarrak, egoera larrian
Lan baldintza «txarrak» salatzeaz gain, egoiliarrak «egoera larrian» daudela salatu du LABek: «Oheen egoera, janariarena; langileak babesteko material falta, erabiltzaileak ondo artatzeko; eta mediku eta erizain falta, beste egoera larriago batzuen artean».
Hala ere, San Esteban egoitzakoa ez da kasu bakan bat, LABen iritziz, «Bizkaiko Foru Aldundiak babesten duen zaintza sistemaren eredua baizik».