«Gezurra da: estoldak ez zeuden garbi»

Larunbat arratsaldeko eurite mardulek uholdeak eragin zituzten Bizkaiko zenbait herritan, eta Bilboko Zazpikaleak ur azpian gelditu ziren iluntze partean. Merkatariek diru laguntzak eskatu dizkiote Bilboko Udalari.

Garbiketa lanak Zazpikaleetan, uholdeen biharamunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Garbiketa lanak Zazpikaleetan, uholdeen biharamunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko urriaren 5a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Zazpikaleetako merkatariek gezurtatu egin dute Juan Mari Aburto alkateak esandakoa. Udal agintariak ziurtatu du euri urak biltzeko sistemak ez duela arazorik, eta euritearen intentsitateak eragin zituela larunbateko uriolak. Merkatarien arabera, ordea, «estoldak ez zeuden garbi», eta, haien ustez, horrek eragin zuen ur pilaketa. «Suhiltzaileek ere horixe bera esaten zuten», gehitu dute. Are, agintariei aurpegiratu diete oraindik handik igaro ez izana «kalteak bertatik bertara ikusi eta nola gauden galdetzeko».

Aburtoren arabera, bi ordu eskasetan botatako euri kantitate handiak eragin zituen larunbat gauean Zazpikaleetako hainbat tokitan izandako uholdeak, eta ez estoldetako arazoek, «garbi eta ohi normal baitzeuden». Arte Ederren Museoan egindako agerraldi batean, alkateak kaltetutako merkatarien eta ostalarien kexei erantzun zien atzo: «Deustuko sifoiak bikain funtzionatu zuen, baina estoldek ezin izan zuten hain denbora laburrean eroritako euria hartu», esan zuen.

Aburtok nabarmendu du «ezohiko erabaki bat» hartu zutela lurpeko sistemaren gainkarga arintzeko: ura zuzenean itsasadarrera isurtzea. Udal agintariaren arabera, neurri horrek modua eman zien egoera bere onera ekartzeko berehala: «Erabaki hori hartu bezain laster, egoera baretzen joan zen, eta 23:00etarako kontrolpean zegoen».

Merkatari batzuk, ordea, ez datoz bat alkatearekin. Artekaleko Angeles Morales ile apaindegian lan egiten du Angela Smithek. Hark «gezurtzat» jo du Aburtok esandakoa: «Ostegunean, Iturribide kaleko estoldak garbitzen ibili ziren udal langileak, baina gure kalekoak ez zituzten garbitu. Suhiltzaileak [larunbat] gau osoan aritu ziren lokatza ateratzen», azaldu du Smithek.

Euri zaparrada «ez zen horrenbesterako izan», saltzaile askoren iritziz. Arazoa estolderia izan zela uste dute: «Aurretik ere izan ditugu horrelakoak, eta ura dendara sartzen den lehenengo aldia da», nabarmendu dute Zamudioko Atea kaleko Elkar liburu dendako langileek.

Hiru kaletan

19:00etatik 21:00etara bota zuen euri jasarik handiena, eta galtzak bete lan ibili ziren suhiltzaileak eta Bilboko udaltzainak. Zazpikaleetako kale aldapatsu askotan indarrez jaitsi zen ura, eta Artekale, Dendarikale eta Zamudioko Atea kaleak ur azpian gelditu ziren iluntze partean. Lokal batzuk urpean gelditu ziren, eta etxera sartzeko arazoak ere izan zituzten bizilagun batzuek.

«Hiru kaletan pilatu zen ur guztia. Dendatik atera ginenerako, belaunetaraino iristen zitzaigun. Kale batzuk aurrerago, ordea, ez zegoen urik», esplikatu du Elena Maza Elkar liburu dendako langileak.

«Deustuko sifoiak bikain funtzionatu zuen, baina estoldek ezin izan zuten hain denbora laburrean eroritako euria hartu»

JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea

Merkatari askok gaur arte ez dute aukerarik izan uriolek eragindako kalteak ikuskatzeko. Beste batzuk ilunpetan aritu ziren garbitzen atzo: «Esku argiekin ibili ginen, ahal genuena egiten», aipatu zuen Smithek. Izan ere, hornidura elektrikoari ere eragin zion denboraleak. Atzo goizean bi transformadore zeuden zerbitzuz kanpo: Gurutze kalekoa eta Zamudioko Atekoa. Saltokiak ez ezik, berrehun etxebizitza inguru argirik gabe utzi zituen matxurak.

Denda eta taberna batzuk itxita daude oraindik, eta ura atera nahian aritu dira jabeak eta langileak goizean, ahalik eta lasterren zabaldu ahal izateko.

Larunbateko «beldurra eta urduritasuna» ere gogoan dituzte saltzaileek: «Oso gaizki pasatu genuen, ura belaunetara iristen baitzitzaigun denda barruan. Goraino helduko zela uste genuen», adierazi du Clemen Alonsok. Artekaleko Estitxu zapata dendako jabea da.

Kalteak eta laguntzak

Oraindik goiz da zapatuko uholdeek eragindako galerak zenbaterainokoak izan diren kalkulatzeko, baina batzuk agerian dira dagoeneko. «Sotoan dugu biltegia, eta bertan dagoen guzti-guztia galdu egin da. Gabonetan saltzeko material asko geneukan dagoeneko, Ibon Martinezen azken lanak tartean. Lan horien berrehun ale inguru izango genituen», azaldu dute Elkar dendako arduradunek. Saltokiko igogailua ere «urez gainezka» daukate oraindik.

Estitxu zapata dendan, berriz, duela bost urte egin zituzten berriztatze lanak. Zapatak ez ezik, zorua, altzariak eta erakusleihoetako egurrezko markoak ere hondatu egin zaizkie. Horiek horrela, laguntza eskatu diote Bilboko Udalari: «Ez badigute laguntzen, ezin izango dugu aurrera atera», ohartarazi dute Estitxu zapata dendakoek.

«Oso gaizki pasatu genuen, ura belaunetara iristen baitzitzaigun denda barruan. Goraino helduko zela uste genuen»

CLEMEN ALONSO Estitxu zapata dendako jabea

Bitartean, udalak herritarren arretarako gune bat zabaldu du gaur Zabalgunean, urak kaltetutako saltegien jabeek udal aholkularitza jaso dezaten eta aseguru etxeei aurkeztu beharreko erreklamazioak arindu ahal izan ditzaten. Aldi berean, udaleko zerbitzu teknikoek ikerketa bat abiatu dute gertakariaren arrazoiak argitzeko.

Hala ere, merkatari batzuentzat ez da nahikoa: «Udal agintariak oraindik ez dira hona etorri, kalteak bertatik bertara ikusi eta nola gauden galdetzeko», salatu dute Angeles Morales ile apaindegikoek.

EH Bildu, azalpen eske

Bilboko EH Bilduk galdera sorta bat aurkeztu dio udal gobernuko taldeari: larunbatean izandako uholdeak estolderiaren mantentze faltagatik edo sarearen tamainarekin lotutako arazo batengatik izan diren argitu nahi dute. «Merkatariak aspalditik ari dira abisatzen euria egiten duenean arazoak izaten direla hustubideak eta estoldak garbi ez daudelako, baina gobernu taldeak ez du ezer egin», aurpegiratu die Karlos Renedo zinegotzi subiranistak agintariei.

«Argi geratu da ez zela aurreikuspenik egin, ez baitzituzten udal zerbitzuak indartu euritearen orduetan»

KARLOS RENEDO Bilboko EH Bilduko zinegotzia

EH Bilduk galdetu du, besteak beste, zenbat estolda zeuden urpean hirian eta zer kaletan sartu zen ura lonjetan eta saltokietan. Halaber, beharrezkotzat jo du jakitea noiz egin ziren azken garbiketa lanak kale horietan. «Nolanahi ere, argi geratu da ez zela aurreikuspenik egin, ez baitzituzten udal zerbitzuak indartu euritearen orduetan», gaitzetsi du Renedok.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA