GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak espediente bat irekiko du Zubietako erraustegian (Gipuzkoa) asteon piztutako sutearen nondik norakoak argitzeko. Gaur eman du horren berri, erraustegiko langile batzordearen salaketaren biharamunean. Izan ere, asteazken goizean piztutako sutearen ondorioz, bederatzi langile artatu behar izan zituzten «ke toxikoa arnastuta intoxikatu» zirelako; batzordearen arabera, beharginek babeserako ekipamendurik gabe itzali behar izan zuten sutea, eta «larrialdietako ur hordiak apurtuta» zeuden.
GHk-k jakinarazi duenez, espedientearen helburua da gertaerari buruzko «ahalik eta informazio gehien» biltzea, horren arabera «neurririk eraginkorrenak» hartu ahal izateko. Dena den, asteazkenean bertan esan bezala, sutea «kontrolatu eta itzali» zutela berretsi dute gaur zabaldutako oharrean, eta nabarmendu erraustegiko instalazioak eta materialak ez zirela kaltetuak izan. Ez dago argi nola piztu zen sutea; halere, GHK-k eskatu du kontuz ibiltzeko su har dezaketen objektuekin, «aintzat hartuta, bereziki, jaiegun eta festa sasoia» dela.
Langile batzordeak uste du, ordea, asteazkenean jazo zena ez dela aparteko gertaera bat. Hondakin handien birrintzailearen barruan piztu zen sua, eta zuzendaritzaren erantzuna ez zen izan «langileak babestea», batzordearen esanetan. Salatu dutenez, langileak «arriskuaren gunera» bidali zituzten zuzenean, taldeetan banatuta, suteari aurre egin ziezaioten, «suhiltzaile profesionalak balira bezala». Hala, batzordeak erraustegia kudeatzen duen enpresari, Ekondakini, aurpegiratu dio etekinak langileen osasunaren aurretik jartzea: «Enpresaren diruzalekeriak ez du mugarik: ez die axola egoera zeinen larria den, ekoizpena ez da inoiz ere gelditzen».
Ekondakin: «Ez dago akatsik»
Zubietako erraustegia kudeatzen duen beste enpresetako bat Ekondakin da, eta horrek ere gertakizunari buruzko oharra plazaratu du gaur. Horren arabera, sutea piztu zen plantak, eta, oro har, instalazioek eta segurtasun sistemek ez dute «akatsik». Are, esan du langile batzordearekin «negoziazio betean» dabiltzala, eta iradoki du ez liratekeela prozesu hori eta sutearekin lotutako balorazio teknikoak «nahastu» behar.
Datorren astelehenean Zubietako erraustegiko langileek elkarretaratzea egingo dute plantaren sarreran, 13:00ean, lelo honen pean: GHK, Ekondakin, Ekobal, bizitza zuen aberastasunaren gainetik dago.