Atzo iragan zen auzia, eta berant iritsi zen fiskaltzaren galdea: urte bateko kartzela zigorra, gibelapenarekin. Miarritzeko errugbi klubeko fisioterapeuta ohi bati sexu erasoak leporatu dizkiote emazteen taldeko lau jokalarik, eta, epaiak erabaki duenez, gizonak hiru urtez ezinen du bere lanbidea bete. Hamar egun ditu orain deliberoaz dei egiteko.
22 eta 31 urte artean dituzte biktimek: lau emazte dira, lau errugbi jokalari, eta sexu ukipenak eta sexu jazarpena salatu zituzten atzo Baionako auzitegian. Laurak ziren epaiketako parte zibilen artean, eta laurek eman zuten lekukotasuna. Gizonak 40 urte ditu, eta leporatzen dizkiotenak ukatu zituen hastetik buru.
Kontaketen artean, Ici Pays Basque irratiak jaso duenez, honako hauek azaldu dituzte biktimek: eskuak kirol bularretakoaren azpitik sartzen zizkiela bizkarreko mina artatzeko aitzakian, «sexuan fereka» egiten ziela eta ohar desegokiak egiten zizkiela: manipulazioetarako posizioak agintzeko garaian sexu posizioei erreferentzia eginez, besteak beste.
Hala, urtebeteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak, gibelapenarekin.
Bortxaketa Iruñerrian
Nafarroan, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak 27 urteko bortxatzaile baten kontrako zigorra hitzartu dute: hiru urte eta erdiko kartzela, 2024ko ekainean Iruñerriko herri batean emakume bat bortxatzeagatik. Nafarroako Auzitegiko 1. atalak ezarri dio zigorra. Bi aringarri aplikatu dizkio: kaltea konpontzea —8.000 euro ordaindu zituen epaiketa hasi aurretik— eta droga mendekotasuna.
Auzitegiak behin-behinean bertan behera utzi du zigortuaren kartzela zigorra, zenbait baldintzarekin: ezingo du deliturik egin hiru urtean, droga mendekotasuna sendatzeko tratamendu bat egin beharko du, eta sexu heziketarako programa bat ere bai.
Zigortua ezingo da hiru urtean emakumearekin harremanetan jarri eta harengandik berrehun metro baino gutxiagora egon. 8.000 euro ordainduko dizkio eragindako kalte moralarengatik. Kopuru hori ordaindua du jada.
Gizona eta emakumea gizonaren etxean geratu ziren, masaje bat emateko. Gizonak bortxatu egin zuen. Epaiaren arabera, bortxatzaileak kalamua erretzen du, eta emakumea bortxatu zuenean kaltetuak zituen gaitasun intelektuala eta borondatea. Horregatik, aringarri gisa aplikatu diote.
Fiskaltzak, epaiketa hasi aurretik, zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat.