Nafarroako Hezkuntza kontseilariak adierazi du Corellako eskolan D eredua jartzeko eskaera ez zela garaiz egin

11 familiak eskatu dute seme-alabek euskaraz ikasteko aukera edukitzea, baina Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskaera ukatu du.

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / FOKU
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 3a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Corellako (Nafarroa) 11 familiak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu zioten D eredua ezartzeko herriko ikastetxean. Bada, eskaera ukatu zieten, eta aurten ere ez dute D eredua aukeran izanen. Erabaki horri buruz galdetu diote gaur Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari, eta adierazi du gisako aldaketak egiteko protokolo bat dagoela indarrean, eta protokolo horretan, bertzeak bertze, gisako aldaketetarako epeak ageri direla. Gimenoren erranetan, ez dira data horiek errespetatu: aldaketak 2024ko irailean jakinarazi behar ziren beranduenez, eta familiek 2025eko urtarrilean egin zuten eskaera. «Garaiz eta modu egokian egin ez den eskaera bat ezin dugu onartu», adierazi du. 

Gimenok erran du eskaera aztertzen hasiko direla orain, eta onartuko dela baldin eta «azpiegitura zerbitzuen, eskolaz kanpoko jardueren eta langileen txostenak positiboak» badira. «Ikastetxea handitu behar bada, horretarako dagoen diruaren arabera eginen da. Ez dugu ezer ukatu: aztertuko da, eta egoki aztertzen denean ikusiko da», gehitu du.

Halaber, erran du D ereduan ikasteko eskubidea «bermatuta» dagoela bai Corellako familiendako eta baita gainerako herrietakoendako ere: «Ezin bada herrian bertan bermatu, eskola mapan dagoen baliabide bat da, garraioa eta jangela zerbitzua bermatuak dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.