Bihar gauean, 21:00etatik 06:00etara, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen autobidea moztuta egongo da Biriatuko ordainlekuan (Lapurdi), zorua konpontzeko lanak egin behar baitituzte Biriaturen eta Donibane Lohizuneren arteko tartean. Lan horiek bart egitekoak ziren, baina atzeratu egin zituzten eguraldi kaskarra zela eta.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, AP-8 autobidean Gipuzkoatik Lapurdira joateko asmotan diren gidariek ordainlekura iritsi baino lehenagoko irteera hartu beharko dute; geroago, N-121-A errepidea erabili beharko dute, Baionarako noranzkoan, eta gero D810 errepidea hartu. Donibane Lohizunera iritsitakoan hartu ahal izango dute A-63 autobidea.
Segurtasun Sailak horren inguruko informazioa emango du sare sozialetan eta autobidean jarritako panelen bidez.