Espainiako Gobernuak aste hasieran onartutako errege dekretuari jarraikiz, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak iragarri du datorren urtean ere deskontuak ezarriko dituela Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko garraio publikoko zerbitzuetan. 15 urte baino gutxiagokoek ez dute ordaindu beharko, 15 eta 25 urte artekoek erdi prezioan izango dute garraio publikoa, eta gainontzekoek %40 gutxiago ordainduko dute.
Gaur egin dute agintaritzako kideek ezohiko batzarra, eta hartan onartu dute 2026an ere deskontu horiek aplikatzea. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente Azahara Dominguezek nabarmendu du «beti» defendatu dutela «prezio eskuragarriak dituen garraio publikoa», eta iritzi dio «albiste bikaina» dela deskontu horiek luzatzea.
25 urte artekoentzako deskontuak Espainiako Gobernuak onartutako berak dira, baina, 25 urtetik gorakoei dagokienez, errege dekretuan soilik %20ko deskontua jasotzen da. Gipuzkoan %40ra iritsiko denez, %20 Espainiako Gobernuak ordainduko du, eta beste %20a, berriz, Gipuzkoako aldundiak.
Deskontu horiek Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan ere aplikatuko dira, baina agintaritza eta partzuergo bakoitzak erabaki beharko du ea 25 urtetik gorakoei beste %20ko deskontua aplikatuko dien edo ez.