Gipuzkoako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute politika orokorreko eztabaidaren bigarren saioan; horretan, beharrezkotzat jo dute «estatus politiko berri bat lortzea, Euskal Herriak, bere nazio nortasunaren adierazpen gisa, bere eskubide historikoak garatu eta eguneratzeko». Testuan jaso dutenez, «estatutu politiko hori euskal herritarren erabaki aske eta demokratikoan» oinarritu behar da.
EAJren eta EH Bilduren babesarekin egin du aurrera mozioak, eta PSE-EEk eta PPk kontrako botoa eman dute. Elkarrekin Podemos, berriz, abstenitu egin da. Saioa Bandres EAJko batzarkidearen esanetan, erabakitzeko eskubidea «ez da soilik aldarrikapen legitimoa»; are, «ezinbesteko tresna» da autogobernua sendotzeko: «Kontzeptu horrek egituratzen du ongizatea sortzeko gure gaitasun politiko eta ekonomikoa. Beste behin ere, Herri gisa dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, nazioen arteko berdintasunetik abiatuta geure instituzionalizazioa artikulatzeko, eta ez mendetasunetik».
EH Bildu, ordea, kritiko agertu da EAJren jarrerarekin; izan ere, indar subiranistak beste mozio bat proposatu du, eskatzeko Eusko Legebiltzarrak prozesu bat abiatu dezala Autogobernu Lantaldeak 2018ko uztailean adostutako oinarri eta printzipioak testu artikulatu batean biltzeko. EAJk, ordea, ez du babestu mozio hori.
Estitxu Elduaien indar subiranistako batzarkideak adierazi du EH Bilduk «burujabetzarako bidea abiarazteko herri akordioetan» sinisten duela, eta EAJk kontrako botoa eman izana kritikatu du; ezezko hori «PSEko gobernu sozioek EAJri ezartzen dioten betoan» kokatu du.