Gipuzkoako Batzar Nagusietako kreditazioak jaso ditu Bilduk

Herrialdean aldaketa politikoa eta soziala «lehenbailehen» gauzatu nahi dutela adierazi du Garitanok

Martin Garitano, batzarkide izateko kreditazioa osatzen. A. CANELLADA / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bildu koalizioak Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eskuratutako 22 hautetsietatik hamazazpik batzarkide izateko kreditazioa jaso dute, eta, hala, martxan jarri dute erakundea osatzeko prozesua. Izan ere, Batzar Nagusietako 51 kideetatik gutxienez herenek –hamazazpik– kreditazioa jasotzerakoan abiatzen da eratze prozesua.

Martin Garitano Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi duenez, «lehenbailehen» egin nahi izan dute izapide hori, arrazoi nagusi batengatik: «Uste dugu aldaketa politikoa lehenbailehen martxan jarri behar dela».

Atzo goizean izan ziren Bilduko hamazazpi hautetsiak Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan, eta, besteak beste, Ander Rodriguezek, Iñaki Agirrezabalagak eta Garitanok berak jaso zuten dagokien kreditazioa. Rafaela Romero batzorde iraunkorreko presidenteak ongi etorria egin zien guztiei, eta haiekin batzartu zen ondoren. Bilduren esku zegoen urrats hori egitea, koalizioa baita gutxienez hamazazpi batzarkide eskuratu dituen indar politiko bakarra.

Ekainaren 13an izango da Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzeko bilkura, eta hamabost laneguneko epea izango dute ahaldun nagusia izendatzeko.

Datozen egunen aurrean itxaropentsu azaldu da Garitano:«Espero dugu Batzar Nagusien eratzea eta ahaldun nagusiaren izendatzea herritarrek bozkatutakoaren isla izango dela». Izan ere, Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herrian «aldaketa politikoa» zuzenduko duena Bildu dela iritzi dio koalizioko ahaldungai nagusiak: «Bilduk du herrialde honetako lidergoa, aldaketa soziala- ri eta politikoari ekiteko eta aldaketa horren bitartez normalizazio politikoa eta bakea erdiesteko».

Errenterian, denekin hizketan

Ohar baten bidez, Errenteriako herritarrek (Gipuzkoa) aldaketaren aldeko «apustu garbia» egin dutela adierazi du Bilduk. Aldaketa hori era «ahalik eta eraginkorrenean» egingo duela agindu du koalizioak. Horretarako, udaleko talde politiko guztiekin batzartuko dela eta herritarren parte hartzea sustatuko duela jakinarazi du. PSEk eutsi egin nahi dio alkatetzari Errenterian, Bildu nagusitu zitzaion arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.