«Etorkizunari begira, erronka inportanteak planteatzen zaizkio euskararen normalizazioari: orain arteko tresna juridikoak aztertzeko beharra, jurisprudentziak agerian utzi duen egungo oinarrien hauskortasuna gainditzeko beharra, hizkuntza normalizazioari segurtasun juridikoa nola bermatu, gizartearen eraldaketa eta eraldatze proiekzioetara araubidea egokitzearen erronka...». Euskararen aurkako epaileen oldarraldia hitzetik hortzera dabilen garaiotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak beharra ikusi dute epaileak hizkuntza eskubideen gaian janzteko eta hizkuntza eskubideen arloan segurtasun juridikoa bermatzeko. Bide hori urratzeko, elkarlanean arituko dira bi erakundeak: gaur onartu dute EHUren Gobernu Kontseiluan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Justizia Soziolinguistikoaren katedra sortzea; Iñigo Urrutia legelaria izan da katedraren sustatzailea EHUren aldetik.
Bi erakundeek akordio bat izenpetu dute, eta hartan jasota daude, besteak beste, egoeraz egiten duten interpretazioa, katedrak izango dituen zereginak eta lortu nahi dituzten emaitzak. Lehenengo, egungo argazkia. Ez dute beren-beregi oldarraldia aipatu, baina aitortu dute oraindik «erronka garrantzitsuak» daudela euskal hiztunen hizkuntza eskubideak «modu eraginkorrean» bermatzeko. Besteak beste, epaitegietan eta hizkuntza eskubideen legezko bermeetan: «Euskararen estatusaren gaineko azterketa eta ebaluazioetatik abiatuz, etorkizunari begira baliagarriak izan litezkeen planteamendu juridikoak eta agertokiak aztertzeko bokazioarekin jaio da Katedra». Eta, horretarako, ezinbestekoa izango da formakuntzan eragitea, besteak beste: «Administrazioek, hezkuntza eragileek eta gizarte erakundeek gero eta gehiago eskatzen dute prestakuntza, azterketa eta aholkularitza juridikoa hizkuntza eskubideen arloan. Katedrak eskaera horri erantzungo dio».
Xedea ere argi ageri da: «Helburu nagusia da hizkuntza zuzenbideari buruzko jakintza akademikoa sortzea eta gizarteratzea, baita hizkuntza gutxituen erabilerari lotutako hizkuntza eskubideen aitortza eta zabalkundearen inguruko jarduerak egitea ere, eleaniztasuna sustatuz garapen kultural eta linguistiko iraunkorraren osagai gisa». «Diziplinarteko ikuspegitik eta datu soziolinguistikoetatik abiatuta» egingo dute lan, «ahalik eta segurtasun juridiko handiena bilatzeko zuzenbidearen laguntzaz baliatuta euskara biziberritzeko politika linguistikoak diseinatzerakoan».
Hamaika zeregin
Katedrak zein zeregin izango dituen xehe-xehe zehaztu dute. Alde batetik, ikerketan aritu beharko du: besteak beste, euskara ardatz hartuta, hizkuntza eskubideen inguruko ikerketa eta ezagutza sustatu; euskarari eta hizkuntza eskubideei buruzko marko juridikoaren pean aztertu; legedia linguistiko «justuago» baten proposamena egin; eta hizkuntza eskubideen urraketak dokumentatu eta sistematizatu.
Beste aldetik, formakuntzan ere arituko da: hizkuntza zuzenbidearen arloan doktorego tesiak, master amaierako lanak eta gradu amaierako lanak sustatu eta zuzenduko ditu; unibertsitateko ikasleei, «operadore juridikoei» eta gizarteari zuzendutako prestakuntza programak garatu; EHUn hizkuntza zuzenbidearekin lotutako eskaintza akademikoa —irakasgaiak, graduondokoak...— txertatu; Gipuzkoako administrazioetan lanean diharduten legelariei prestakuntza eman hizkuntza zuzenbidean; eta epaileen eta «operadore juridikoen» formakuntzan eragin. Horietaz gainera, besteak beste, erakundeei eta entitate sozialei aholkularitza juridikoa eskainiko die hizkuntza plangintzak egiteko, eta euskararen erregimen juridikoari buruzko txosten juridikoak eta dokumentu prozesalak landuko ditu.
Zeregin horiek garatzeko, honako tresna hauek izango dituzte: doktorego aurreko beken deialdi espezifikoa, ikerketarako beka eta programen deialdi espezifikoa, masterretan eta berezko tituluetan hizkuntza zuzenbideari buruzko moduluak, urteroko jardunaldiak eta kongresuak, «etengabeko» prestakuntza ikastaroak funtzionarioentzat eta bestelako profesionalentzat...Â
Katedra EHUren Gipuzkoako campusean egongo da, eta urtero 40.000 euro jasoko ditu, 2029ra arte.
zer emaitza espero dituzten
Hizkuntza zuzenbidearekin lotutako azterlan akademikoak egitea eta horiek gizarteratzea.
EHUko Zuzenbide Fakultatean hizkuntza zuzenbidearekin lotutako eskaintza akademikoa txertatzea —ikasgai gisa, graduondoko ikasketa gisa...—-.
Gipuzkoako administrazioan lanean diharduten legelariek prestakuntza handiagoa izatea hizkuntza zuzenbidean.
Epaileen eta operadore juridikoen formazioan eragitea.
Hizkuntza eskubideen inguruko ezagutza zientifikoki aberastea.
Erakundeen gaitasunak indartzea hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Hizkuntza eskubideen urraketak ikusarazi eta prebenitzea.
Politika publikoetarako eta legedi proposamenetarako gomendio zientifikoak eskaintzea.
«Euskal esperientzia» nazioarteko erreferente bihurtzea justizia linguistikoaren alorrean.