Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeak salatu du Irungo familia bat etxegabetuko dutela

Alokairuko etxe batean bizi dira, eta irailaren 7ko goizerako etxetik alde egiteko agindu diete.

Kaleratzeak Stop plataformen protesta, Kutxaren Donostiako egoitzaren aurrean, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Kaleratzeak Stop plataformen protesta, Kutxaren Donostiako egoitzaren aurrean, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
2026ko uztailaren 6a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume bat eta haren bost seme-alabak etxegabetu nahi dituzte Irunen. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeak salatu du hori, eta Kutxabankek jarritako demanda erretiratzeko eskatu du. Elkarretaratze bat egingo dute etzi, uztailak 8, 11:00etan, Kutxabanken Donostiako egoitzaren aurrean, etxegabetzea salatzeko.

Kasua ez da berria: maiatzaren 14an, egoitzaren aurrean egindako lehen elkarretaratzean, eskatu zuten etxejabearen kontrako demanda erretiratzeko eta emakumeari gizarte alokairuko kontratu bat egiteko. Familiak 2017an sinatu zuen alokairu kontratua, eta 800 euroko errenta ordaintzen zuen. Jabeari hipoteka exekuzioko demanda bat jarria zion Kutxabankek, baina orain kaleratu duten emakume horrek —Lorena deitzen dela azaldu dute— ez zekien hori, eta, etxea enkantean geratu zenean, bankuak eskuratu zuen.

Entitateak ez zuen alokairu kontratua berritu nahi izan, eta, gainera, Irungo epaitegi bati eskatu zion familia kaleratzeko, 2025eko ekainaren 4an. Epaileak eten egin zuen kaleratzea, alokairuan zegoen emakumea ezkutu soziala delakoaz baliatu zelako: ordu hartan indarrean zeuden Espainiako Gobernuak onartutako neurriak, pertsona zaurgarriak ez etxegabetzeko ezarritakoak. Neurri horiek bertan behera gelditu direnez, familia etxegabetzeko agindua berriro abian jarri da, eta irailaren 7rako agindu diote emakumeari etxea uzteko, 09:30erako.

Horregatik guztiagatik, berriro ere protesta egingo dute Kaleratzeak Stop taldekoek: «Oso argi utziko diegu Kutxabanki eta gainerako banku, putre funts eta errentari handiei: era guztietako baliabideak erabiliko ditugu Lorenaren antzeko familia zaurgarrien etxegabetzeak eragozteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA