Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak Illunbeko zezenketen aurkako manifestazioa antolatu du

Aste Nagusia hastearekin batera egingo dute, abuztuaren 9an. Illunbe berritzeko lanetan ari dira, eta plataformak ez du nahi aurrerantzean zezenen ikuskizunetarako lekua izan dadin.

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoaren manifestazio bat. JAVI COLMENERO / EFE
Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoaren manifestazio bat. JAVI COLMENERO / EFE
2025eko abuztuaren 5a
12:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak Illunben (Donostia) zezenketak debekatzea nahi du. Gune hori berritzen ari dira, eta ez dute nahi aurrerantzean zezenen ikuskizunetarako lekua izan dadin. Hori defendatzeko, manifestazio bat antolatu dute datorren larunbatean, abuztuaren 9an. 18:00etan abiatuko dira Hernani kaletik, Bulebar ondotik, Aste Nagusiko txupinazoa baino ordubete lehenago.

Pilar Otegi elkarteko bozeramaileak adierazi du gune hori kirol eta kultur ekitaldietarako soilik erabiltzea nahi dutela. «Gizarteari entzuteko eta animalien sufrimenduari amaiera emateko garaia da», nabarmendu du. Azaldu du herritarren gehiengoak ez duela diru publikoa zezenen ikuskizunetan erabiltzea nahi. Zezenketak urtean hiru egunetan baino ez direla egiten gogorarazi du, eta gehienbat kanpoko jendea joaten dela horiek ikustera. Aste Nagusiko hiru zezenketez ari da, hain zuzen: aurten ere izango dira, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an.

Zezenketak debekatzeaz gain, sokamuturraren eta entzierroen aurka ere egingo dute manifestazioan. Donostian ez ezik, Gipuzkoako beste zenbait herritan ekitaldi horiei ematen zaien babesa amaitzea nahi dute; esaterako Azpeitian, Deban eta Zestoan. Gainera, plataformak jakinarazi du lurraldeko udalen iritziak biltzeko prozesu bat abiatuko duela, jaietan animaliak erabiltzearen inguruan posiziona daitezen.

Eneko Goia Donostiako alkateak otsailean aurkeztu zuen Illunbe ingurua berritzeko proiektu berria. Kirola, kultura eta hainbat diziplinatako ekintzak egiteko leku bat sortuko zutela azaldu zuten, zezenketei aipamenik egin gabe zuzenean. Dena den, uztailean, Elkarrekin Donostiak zezenketak amaitzeko aurkeztutako proposamenari ezezkoa eman zioten EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.