Behin baino gehiagotan egindako eskaera bera egin dio gaur ere ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari: konpon dezala Gipuzkoako zahar etxeetako gatazka. Hain justu, adinekoen egoitzetako langileek 278 egun daramatzate greba mugagabean. Hitzarmena berritzeko prozesua, berriz, duela hemeretzi hilabete hasi zen; hots, iazko urtarrilean. Hala, ELAk aldundiari exijitu dio bere gain har dezala sektoreko lan baldintzak hobetzeko «ardura politikoa», eta atzera bota ditzala aurreikusitako kaleratzeak eta murrizketak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin dute elkarretaratzea, gaur goizean, eta sindikatuko ordezkariak eta zahar etxeetako langileak izan dira han. Salatu dute negoziazio mahaia blokeatuta dagoela, eta patronalei egotzi diete «gaitasunik» ez izatea beste eskaintza batzuk egiteko. ELAk gogoratu du sektorean 5.000 langile inguruk egiten dutela lan, eta horietako gehienak emakumeak direla.
Zerbitzua aldundiak finantzatu arren, langile gehienak enpresa pribatuen bidez kontratatzen dituzte, eta, kritikatu dutenez, «baldintzak gero eta prekarioagoak» dira. «Langileen ia erdiek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da», gehitu dute. Hala, ELAk aldundiari eskatu dio babestu dezala langileak «prekaritatetik aterako dituen hitzarmen bat».