Gipuzkoako zahar etxeetako patronala negoziazio mahaira aurkeztu ez izana txarretsi dute ELAk eta LABek

Goizean egitekoa zuten egoitzetako hitzarmenari buruzko bilera, baina patronalak bertan behera utzi du. Sindikatuen ustez, enpresek «arduragabekeriaz» jokatzen dute, eta «etekin ekonomikoa» besterik ez dute nahi.

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen manifestazio bat, iragan abenduan. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen manifestazio bat, iragan abenduan. JON URBE / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urtarrilaren 28a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizean egin behar zuten Gipuzkoako zahar etxeetako lan hitzarmena negoziatzeko bilera, baina patronala ez da azaldu. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, patronalak atzo jakinarazi zien bilera bertan behera uztea erabaki zuela, argudiatuta ez zegoela «helarazi beharreko informaziorik».

LAB sindikatuak ohar batean adierazi du patronalak «arduragabekeriaz» jokatu duela, eta sektoreko langileei dien «mespretxuaren» erakusgarri dela hori. Hala, publifikazioaren aldarria lantokietara eta kalera eramaten segitzeko beharra nabarmendu du sindikatuak.

ELAk ere oharra argitaratu du enpresen jokabidea txarretsiz: «Patronalak erronka jo die instituzioei, eta argi utzi du ez duela negoziatzeko inolako borondaterik. Gero eta argiago dago egoiliarrek eta langileek ez diotela axola; etekin ekonomikoak handitzera eta bermatzera mugatzen da patronala».

Bi sindikatuok, bestalde, auzian esku hartzeko deia egin diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. LABek uste du garaia dela aldundiak eta patronalak hitzarmenaren negoziazioari ekin diezaioten, «ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua beren gain han dezaten». ELAk aldebiko bilera bat ere galdegin dio diputazioari, gatazkari konponbide bat emate aldera, neurri hori jasota baitago Elkarrekin Ahal Dugu-rekin sinatutako aurrekontu akordioan.

Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin ditu adierazpenak. Hori dela eta, LABek elkarlanerako deia egin dio ELAri: «Argi dugu elkarrekin indar handiagoa dugula, eta langileek batasuna eta borrokarako gune bateratuak behar dituztela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.