Gipuzkoan Ezeizabarrena hautatu dute Batzar Nagusietako lehendakari

EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker izendatu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hiru alderdien akordioa gaitzetsi dute. Arabako ahaldun nagusia ostegunean aukeratuko dute

Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahai eratu berria; erdian, Ezeizabarrena lehendakaria. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Xabier Ezeizabarrena EAJko hautagaiak hartu du, berriro ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari kargua. Ezeizabarrenak gehiengo osoa eskuratu du, aldeko 27 botorekin. PSE-EEk eta PPk jeltzaleen aukera babestu dute. EH Bilduk bere hautagai Zelai Amenabarro aurkeztu du, eta Elkarrekin Podemos-IU Equo Berdeak Alianza Verde koalizioaren babesa jaso du. Halere, EH Bilduren 22 batzarkideen botoak eta Elkarrekin-eko bienak ez dira nahikoa izan hautagai jeltzalea gainditzeko.

Mahaiko gainerako karguak beste alderdien artean banatu dituzte. Lehendakariordetzei dagokienez, Jesus Zaballos sozialistak eskuratu du lehena. Bigarrena, ostera, Estitxu Elduaien izango da (EH Bildu). EAJ eta PSE-EEren babesarekin, PPk lehen idazkaritza lortu du, eta Jorge Motak hartuko du kargua. Bigarren idazkaria Elkarrekin-eko Marivi Eizagirre izango da.

Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria izan da aurreko legealdian ere. Kargua berriro hartu ostean, goraipatu egin du mahaia bost alderdietako kideek osatzea: «Bost alderdik osatzen ditugu Batzar Nagusiok, eta bostok gaude mahaian. Guztiok daukagu ganbera hau eramateko ardura mahaian, ideologia batekoek eta bestekoek. Saia gaitezen guztion artean akordioak lortzen Gipuzkoaren alde, gipuzkoarrei aurrera egiten lagunduko dieten politiken bidez».

Batzar Nagusietan EH Bilduk du gehiengoa, 22 kiderekin. Atzetik daude EAJ (17), PSE-EE (7), PP (3) eta Elkarrekin (2). Halere, jeltzaleen, sozialisten eta popularren baturak gehiengo osoa lortzeko aukera eman die.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramailearen arabera, EH Bilduk «zapuztu» egin du Batzar Nagusietako lehendakaritza eskuratzeko aukera. Izan ere, joan den astean, EAJko bozeramaileak esan zuen Batzar Nagusietako Mahaian bost alderdiek izango zutela ordezkaritza, «handienetik txikienera, hurrenez hurren aukeratuta». Hori gertatu izan balitz, Batzar Nagusietako lehendakaria EH Bildukoa izango litzateke.

Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak ere aurreko asteko proposamena babestu du: «Alderdi bakoitzaren ordezkaritza M28ko emaitzen araberakoa izatea ahalbidetuko zuen».

Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusia, ordea, beste iritzi batekoa da. Ez du eskaintzatzat jotzen EAJk eta PSEk joan den astean proposatutakoa: «Batzar Nagusietako lehendakaritza ezin dute eskaini; EH Bilduri dagokio», esan zuen BERRIAk eginiko elkarrizketan.

Iriarteren esanetan, PP akordioetan sartu eta gero «aurpegia garbitzeko» modua zen proposamena. Azkenean, PP mahaian sartu da, eta lehendakaritza jeltzaleek eskuratu dute, alderdi sozialistaren eta alderdi popularraren babesarekin.

EAJren, PSE-EEren eta PPren arteko akordioa gaitzetsi dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Koalizio subiranistak nabarmendu du EAJk eta PSEk azaldu beharko dutela «zergatik nahiago izan duten Ayuso, Vox eta enparauak indartzea, maiatzaren 28an gipuzkoar gehienek erakutsitako nahia errespetatzea baino». Bestalde, Miren Etxebeste Elkarrekin-eko Gipuzkoako bozeramaileak salatu du EAJk, PSE-EEk eta PPk «akordio kontserbadore eta eskuindarra» lortu dutela Batzar Nagusietako Mahaiaren aukeraketan. Gainera, gehitu du horrek aurrerapen eta ezkerreko politika guztietatik urrunduko duela lurraldea.

Araban, ostegunean

Bestalde, Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko bilkura datorren ostegunean egingo dute Batzar Nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.