«Dominique Pelicot ez da munstro bat. Gizon bat da. Edozein gizon izan zitekeen»

Ipar Euskal Herriko Sutan kolektibo transfeminista berriak elkarretaratzera deitu du. Gisele Pelicoten kasua hartuz, oro har indarkeria matxistaren biktimak omendu dituzte goizean, Baionako Auzitegi aitzinean.

Gisele Pelicot eta indarkeria matxistaren biktimak sostengatzeko elkartu dira gaur goizean, Baionako epaitegiaren aitzinean. PIERRE LARRIEU
Gisele Pelicot eta indarkeria matxistaren biktimak sostengatzeko elkartu dira gaur goizean, Baionako epaitegiaren aitzinean. PIERRE LARRIEU
Baiona
2024ko irailaren 14a
16:30
Entzun

«Dominique Pelicot ez da munstro bat. Gizon bat da. Edozein gizon izan zitekeen: zure bizilaguna, medikua, irakaslea, elektrikaria, postaria; familia perfektu bateko aita, etxeko jaun jatorra, zure senarra...», hala zuzendu zaie Elaia Hegi, Sutan kolektibo transfeministaren kidea, Baionako Auzitegiaren aitzinean bildu direnei. Sutan kolektibo transfeministako kideak adierazi nahi izan du erasotzaileak ez direla baitezpada ipuinetan edo telebistan ikusten diren mamuak eta gaiztoak bezalakoak, gizon arruntak baizik. «Ez dira gizon guziak» behin eta berriz entzuten den esaldi bat dela azpimarratu du Hegik; alta, Gisele Pelicoten kasuan, adibidez, «gizonak baizik» ez direla izan: «gizon aberatsak, gizon langileak, adin guzietakoak, eta jatorri guzietakoak».

Izan ere, Gisele Pelicoten senarra —Dominique Pelicot— eta beste 50 gizon epaitzen hasi ziren irailaren 2an Avignongo (Okzitania) Auzitegi Kriminalean, eta abenduaren 20ra arte iraun beharko luke auziak. Dominique Pelicoten kontrakoak dira akusazio nagusiak: 2011tik 2020ra emaztea konortea galdu arte drogatzea, eta Internet bidez harremanetan jarritako gizon batzuk Gisele Pelicot bortxatzera eramatea leporatzen diote. Orotarat, 70 bat gizon eta ehun bat bortxaketa zenbatu dituzte poliziek, baina horietarik 50 baizik ez dituzte auzipetu ahal izan. Akusatuek 24 eta 74 urte artean dituzte.

2020ko udazkenean atxilotu zuten Dominique Pelicot, denda bateko aldageletan neska batzuk filmatzeagatik. Orduan, haren sakelako telefonoa miatu zuen Poliziak, eta 20.000tik gora irudi atzeman zituzten, zeinetan gizonak agertzen ziren Gisele Pelicot bortxatzen, konortea galdua zela.

Biktimei sostengua

Gisele Pelicot eta, oro har, indarkeria matxistaren biktimak sostengatzeko elkarretaratze bat egin dute gaur goizean, 11:00etan, Baionako Auzitegiaren aitzinean. Ehun bat pertsona bildu dira Sutan Ipar Euskal Herriko kolektibo transfeminista berriaren (Manifeministak Baiona talde ohia) deiaren ondotik.

Epaitegiaren kanpoko eskaileren gainean bildu da jendea. Jende multzoaren artean, lelo eta esaldi feministak ikusgai izan dira militanteek atxiki dituzten pankarten gainean: «Amorrua», «Sinesten zaituztegu», «Gora borroka transfeminista», «Haserreak ekintza dakar», «Bortxaketa gizarteko arazoa da»…

«Irudika ezazu, jakin gabe ehunka aldiz eraso egin dizutela. Bai, ehunka aldiz. Eta gainera, hori guztia, zure bizia partekatzeko hautatu duzun gizonak antolatu duela»

ELAIA HEGISutan kolektibo transfeministaren kidea

Hegik mikrofonoa hartu du, eta hitzaldiko lehen hitzak esan ditu, azken asteetan oihartzun handia egin duen Gisele Pelicoten afera aipatuz: «Irudika ezazu, jakin gabe ehunka aldiz eraso egin dizutela. Bai, ehunka aldiz. Eta gainera, hori guztia, zure bizia partekatzeko hautatu duzun gizonak antolatu duela». Kasu hori oinarritzat hartuz, Sutan-ek eta bertaratu direnek ulertarazi nahi izan dute kasu hori ez dela bakana, eta, oro har, arazoa «denetan» eta «denen artean» dela.

Hitzaldiaren bukaeran, kolektibokoek azpimarratu nahi izan dute, Gisele Pelicotek hamar urteko bortizkeria jasan eta gero, epaiketa eta Frantziako sistema judizialaren «injustizia» ere pairatu beharko duela. «Bortxaketak eta Giselen onespenik eza zalantzan gehien jarriak izanen dira. Eta horrek bortxaketaren kultura elikatzen du».

Beldurra beste aldera

Altxatuak diren pankarten artean, Josefa Martik «Beldurrak aldez aldatu behar du» pankarta atxikitzen du. «Orain arte beldurra biktimen aldean zen, sekula ez erasotzaileenean. Biktimak du lotsa eta erruduntasuna sentitzen. Hori aldatu behar dugu!», adierazi du Martik. Gisele Pelicoten alde borrokatzera bildu da Marti, baina baita isilpean egonak diren beste biktima guzien alde ere. Garrantzitsua iruditu zaio erratea bortxaketak eta eraso matxistak pentsatzen den baino askoz «arruntagoak» direla, eta edozein girotan gertatzen ahal direla.

Ber iritzikoa da Aña Iriart, Sutan kolektiboko bozeramailea eta kidea: «Gisele Pelicoten kasua etxean gertatu da, hurbileko pertsona batek antolatuta. Ez da ahantzi behar egoera hori gertatzen dela gehien; bortxatzaile gehienak ingurukoak dira», oroitarazi du Iriartek. Orokorrean, gizartean bortxaketaren kulturaren inguruan arazo handi bat badela esanez bukatu du hitzaldia.

«Gisele Pelicoten kasua etxean gertatu da, hurbileko pertsona batek antolatuta. Ez da ahantzi behar egoera hori gertatzen dela gehien; bortxatzaile gehienak ingurukoak dira»

AÑA IRIARTSutan kolektiboko bozeramailea

Sutan kolektibo transfeministaren lehen elkarretaratzea izan da gaurkoa, baina beste edozein erasoren kontra erantzun bat emanen dutela segurtatu du Iriartek, Azaroaren 25ean eta Martxoaren 8an eginen dituzten ekintzez gain.

Horrez gain, atzo goizean, Luhusoko (Lapurdi) udako bestetan gizon batek emazte bat bortxatu zuela zabaldu eta salatu zuen Itaia emazteen antolakunde sozialistak. Indarkeria matxistari aurre egin lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Luhusoko herriko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.