Migratzaileak

Giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio politika exijitu dute

Marea Horiak migratzaileen erroldatzeak errazteko eskatu die Bizkaiko erakundeei, Plentzian.

Marea Horia ekitaldia Plentziako hondartzan. BERRIA
xabier martin
2023ko abuztuaren 19a
19:40
Entzun

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Marea Horia ekitaldia egin du, Gorlizen eta Plentzian (Bizkaia), helburu bikoitzarekin: mundu zabalean milioika pertsonak bizi duten «errealitate gogorra agerian jartzeko» eta euskal erakundeei eta gobernuei eskatzeko har ditzatela «nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituzten migrazio eta harrera politikak».

Hondartzan egindako ekitaldi ikusgarrian, antolatzaileen esplikatu dute «hainbat arrazoi direla medio», beren jatorrizko herrialdeak utzi eta «arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bati» ekin behar izaten diotela milioika pertsonak, Europara iritsi nahian: «Prozesu oso mingarriak dira». Azken 30 urteetan, migrazio behartu horietan, 50.000 heriotz baino gehiago izan direla azpimarratu dute, eta horien ardura «ez da soilik beren jatorrizko herrialdeena», Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen arabera: «Historikoki jasan dituzten harrapaketa eta arpilatze politikak daude tartean». Horrek krisiak eragin ei ditu, «humanitarioak eta ingurumenarekin lotuak», eta testuinguru horretan ekiten dio migratzaileak bidaia arriskutsuari. Elkarteak ohartarazi du, gainera, gero eta gehiago izango direla beharturik beren etxea utziko dutenak.

«Beraien herrialdeetatik atera beharrik ez izateko baldintza ekonomiko eta sozialak sortzen lagundu beharrean, are gehiago pobretzen ari diren politikekin jarraitzen dute», salatu dute antolatzaileek, eta Europako Batasuna jarri dute miran: «Giza eskubideen errespetuan oinarritutako migrazio politikak baztertu eta migratzeko eskubidea kriminalizatzen dute. Ez da solidarioa; horrek ez du Europaren politika izan behar». Euskal erakundeei erroldatzea errazteko exijitu diete, «badaudelako formulak, Bartzelonan bezala». Bizkaian ere horrela egin dadin nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.