Koronabirusarekin lotura izan duten langileei testak egiten ari da Osakidetza, eta lan arlo gehiagorekin hasiko da datozen egunetan: gizarte laguntzako beharginei, garraio publikokoei, odontologia arlokoei eta adingabe zentroetako langileei egingo dizkiete probak orain. Osakidetzak azaldu duenez, orain arte 150.000 proba inguru egin dituzte osasun eremuan eta soziosanitarioan, eta aztertuen %4 inguruk eman dute positibo proba serologikoetan —proba horiek esaten dute pertsona horrek antigorputzak dituen edo ez; birusa pasatu izanaren zantzua ematen du, hortaz—. Portzentaje hori bat dator Espainiako Gobernuaren seroprebalentzia azterketarekin: haren arabera, herritarren %4 inguru kutsatu dira koronabirusarekin.
Honako sektore hauetan egin dituzte birusaren hedadura aztertzeko probak azken asteetan: suhiltzaileetan, Ertzaintzan, udaltzaingoetan, DYAn, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta farmazian. Aurretik, maiatzean, espetxeetan eta arrantzaleen artean egin zituzten probak. Nafarroako Gobernua ere ari da horrelako azterketak egiten lan arlo jakin batzuetan.
Test serologikoen bidez jakiten dute pertsona horrek gaixotasuna igaro duen ala ez. Momentuan birusa daukan jakiteko, PCR proba egiten dute, eta horiek dira egunez eguneko datuen oinarria. Osakidetzak beste hamasei positibo atzeman zituen atzo; horietatik bederatzi, Gipuzkoan. Azken egunetan Orion ari dira kasuak sumatzen, eta herri horretan agertu dira beste hiru kasu. Astebetean bederatzi koronabirus kasu agertu dira Orion. Donostian hiru atzeman zituzten atzo, eta ikertzen ari dira Orioko agerraldiarekin loturarik ba ote duten.
Birusarekin lotuta, beste heriotza bat izan dela jakinarazi du Osakidetzak.