Bizkaiko gizarte langileak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurrean elkartu dira gaur, joan den astean eraso egin zioten langileari «elkartasuna eta babes osoa» adierazteko, eta euren segurtasuna bermatuko duten «neurri eraginkorrak» eskatzeko. Enpresa batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileen batzordeak deitu dute elkarretaratzera.
Joan den astean, adingabe batek berarekin lan egiten zuen gizarte behargin bati eraso egin zion Bilboko Txurdinaga auzoan, aldundiaren tutoretzapeko etxebizitza batean. Zenbait adingabe lo zeuden bitartean gertatu zen erasoa; haietako bat erasotzaileari aurre egiten saiatu zen. Aldundiaren Gizarte Ekintzako Sailak jakinarazi zuenez, ospitaleratu egin zuten langilea. «Arriskutik kanpo» dago.
Sindikatuetako bozeramaileen hitzetan, eraso horrek agerian utzi du sektorean aspalditik bizi duten errealitatea. Langile eskasia dutela ere salatu dute. Horiek horrela, Langileen segurtasuna bermatu lelopean egin dute protesta beharginek; ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSEk egin dute bat. «Aldundia, entzun, zu zara errudun» eta «isiltasun gutxiago eta irtenbide gehiago» oihukatu dute, besteak beste.
Protokoloak berrikustea
Langileek GUFEko zuzendaritzari eskatu diote «lehenbailehen» ezar ditzala «langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituen neurri eraginkorrak», baita adingabeen arreta duina eta profesionala bermatuko duten neurriak ere. «Langileen segurtasuna bermatzea ezin da negoziatu», nabarmendu dute. Eta erantsi «premiazkoa» dela protokoloak berrikustea, agerikoa baita ez direla nahikoak izan. Horrez gain, esan dute lanpostuen arriskuen ebaluazioa egin beharra dagoela, eta baliabide materialak eta giza baliabideak indartu behar direla.
Gaueko txandetan ere egin dute azpimarra. Azaldu dutenez, ohikoa da gauean langile bakarrak lan egitea. Nahiz eta ezin duten jakin langile batek baino gehiagok lan eginda erasoak saihestuko dituzten, argi utzi dute larritasuna murriztuko dela. Horrez gain, adierazi dute adingabeei ematen zaien zerbitzua eman egin behar dela, baina «modu egokian eta seguruan».
Erasoa gertatu eta gero, enpresa batzordeak eta horren parte diren sindikatu guztiek Segurtasun eta Osasun Aurrebatzordea biltzeko eskaera egin zuten. Zuzendaritza ados agertu zen eskaerarekin, baina oraindik ez du hitzordurik zehaztu. «Berehala eseri behar dugu», adierazi dute.