EHEko kideak

Intza Gurrutxaga Loidi eta Iraia de la Torre Landera: «Gizartea hasia da euskararen larrialdiaren inguruan kontzientzia hartzen»

EHEk Durangon bihar egingo duen manifestazioan berriz ozenduko da ‘Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika’ leloa; Gurrutxagak eta De la Torrek nabarmendu dute deialdiak jaso duen atxikimendua.

(ID_15566596) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-12-01, Anoeta. Intza Gurrutxaga, EHEko kidea
Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaltzaleen topalekua izango da asteburu honetan Durango (Bizkaia), eta urteotako dinamika berrituko du bihar EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek han: euskararen aldeko manifestazio nazionala. 13:00etan abiatuko da, Landakotik. Atxikimendu ugari jaso ditu mobilizaziorako deiak, eta babes hori nabarmendu dute antolaketa taldeko kide Intza Gurrutxaga Loidik (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Iraia de la Torre Landerak (Azagra, Nafarroa, 2002). Izan ere, zerbait «badabilela» sentitzen dute: euskara atzera egiten ari den gaineko ohartarazpenekin arduratuta, esnatzen ari direla hainbat eragile. Manifestaziorako deia berrituta, hauspotu egin nahi dute mugimendu hori. Gurrutxaga: «Iaz ere esan genuen: egungo egoera iraultzeko,  egiturazko aldaketa batzuk behar dira, eta ez da lortu halakorik. Beraz, gaur egun dugun egoera larri honetan garrantzitsua da kalera ateratzea». Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika leloa ozenduko dute berriro. 

Hemen da urteroko deialdia. Atxikimendu askorekin, ezta?

Intza Gurrutxaga: Hori da. Joan den astelehenean egin genuen agerraldia atxikimendua eman duten eragileekin; guztira, 32 izan dira. Iaz ere eragile dezente batu ziren, eta aurten hasieratik oso harrera ona izan du. Gaur egungo euskararen larrialdi egoeraren harira, badago diagnostiko partekatu bat, eta, mobilizatzeko deia egiten denean, ikusten da eragileen aldetik prestasun osoa eragiteko eta laguntzeko. 

Iraia De la Torre: Guretzat garrantzitsua da horrelako harrera bat izatea. Batez ere, erakusten duelako euskararen afera ez dela soilik euskalgintzarena, baizik eta beste herri mugimenduek ere bat egiten dutela gai horretan. 

Larrialdi egoera aipatu duzue. Euskalgintzaren Kontseiluak orain urtebete egin zuen horren gaineko ohartarazpena. Eta hilabeteotan hainbat ikerketak ere berretsi dute atzeraldia. Gizarteratzen hasia da horren gaineko kezka?

Gurrutxaga: Egia de berehalako erantzunak bilatu nahi izaten direla, baina esango nuke azkenaldian, batez ere azken bizpahiru hilabetean, sumatu dela beste eragile batzuen artean ere urrats batzuk egiteko nahia. Uste dut kontzientzia hartze bat gertatzen ari dela egoeraren larriaz. Nahi baino gutxiago, zalantzarik gabe, baina horra: abenduaren 11rako Ikamak grebara deitu ditu Hego Euskal Herriko ikasleak [hezkuntza euskaldunaren aldeko deialdia da]; asteon, Guka-k manifestazio bat egin du Bilbon, eta Euskal Konfederazioak ere elkarretaratze bat egin du Baionan, EEP Euskararen Erakunde Publikoan. Abenduaren 27an, halaber, Euskalgintzaren Kontseiluaren ekitaldia dago Bilbon. Gizartea hasia da euskararen larrialdiaren inguruan kontzientzia hartzen. 

Euskararen Egunaren bueltako hainbat mobilizazio aipatu dituzu. Instituzioek ere bat egin dute, egun seinalatuaren harira, euskararen aldeko mezuak helarazteko. Non ikusten ditu EHEk instituzioak?

Gurrutxaga: Larrialdi egoera eta euskararen beherako joera ikusten dugu, baita euskararen aurkako oldarraldi judiziala ere, baina beharrezkoak diren hizkuntza politikak ez dira aktibatzen, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Nafarroan, eta ez Iparraldean. Instituzioetan ausardia handiagoa behar da: abenduaren 3an euskarari buruzko hitz politak esatea ondo dago, baina hitz horiek ekintza bihurtzea, horixe behar da, eta berehala, gainera.

«Larrialdi egoera ikusten dugu, baita euskararen aurkako oldarraldi judiziala ere, baina beharrezkoak diren hizkuntza politikak ez dira aktibatzen»

INTZA GURRUTXAGA EHEko kidea
Azaldu duzue zuek ere abenduaren 27rako egina duela deia Euskalgintzaren Kontseiluak: euskararen aldeko beste pizkunde bat abiarazteko ekitaldi jendetsua izatea nahi dute. EHEren asmo behinenetako bat bada aktibazio hori, ezta?

De la Torre: Kontseiluaren diskurtso berri honekin lotuta, pizkundea guretzat ere garrantzitsua da. Pizkundearen parte izan behar dugu euskalgintzan ari garen eragileok, baina gizarte zabalera ere hedatu behar da: herri mugimenduak, sorkuntza eta beste hainbat arlo ere beharrezkoak dira.

«Pizkundearen parte izan behar dugu euskalgintzan ari garen eragileok, baina gizarte zabalera ere hedatu behar da»

IRAIA DE LA TORRE EHEko kidea
Ikama aipatu duzue, Gazte Euskaltzaleen Sarea ere abian da... Indartzen hasia da gazteen artean euskaltzaletasuna?

Gurrutxaga: Azpimarratu izan dugu gazteen artean sumatzen dugula badagoela aktibazio bat. EHEn, adibidez, hainbat gazte talde sortu dira: Meatzaldean, Uribe Kostan, Etxepare lizeoaren inguruan... Sumatzen da badagoela gazteen aldetik nahi bat. Aldi berean, aldarrikatu behar da euskararen borrokak belaunaldi artekoa izan behar duela. Ezin da utzi soilik gazteengan. Denon ardura da, eta pizkundea piztuko bada, gazte belaunaldiak batu beharko dira olatu horretara, baina gainerakoak ere bai.

De la Torre: Antolatuta dauden gazteekin gertatzen ari denaren adibidea TindEHEr da guretzat, hau da, proiektuak izan duen harrera. Intzak esan duen moduan, gazte berriak heltzen ari dira euskararen borrokara, baina ja antolatuta dagoen gazte mugimenduak ere bat egin du proiektuarekin, ikusten dutelako gazte mugimenduak berak baduela zeresana euskararen aferan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.