Patxi Tuñon. ESBko zuzendari nagusia

«Gizarteratze politika berriek fruitua emanen dute datozen urteetan»

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako pobrezia mailari eginiko azken argazkia «oso kezkagarria» dela onartu du Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusi Patxi Tuñonek (Tutera, Nafarroa, 1951). Aldaketa politikoa gauzatu zenetik, ordea, errealitate horri buelta emateko «neurri eraginkorrak» aplikatzen hasi direla nabarmendu du.

Zein da pobreziari buruzko azken txostenetik atera duzuen ondorio nagusia?

Pobrezia mailaren hazkunde kezkagarria. Beste urte batzuetan, batez besteko datuak soilik ikertzen ziren, baina 2008. eta 2014.urteak erreferentzia gisa hartuta, eboluzioa ere aztertu ahal izan dugu, eta oso irudi kezkagarria utzi digu horrek.

UPNren azken legealdiraino egin duzue ikerketa. Argazkia aldatuko litzateke, 2015. eta 2016. urteak ere ekuazioan sartuta?

2014. urteraino egin dugu ikerketa, horiek direlako eskura ditugun daturik berrienak. Nafarroako Estatistika Institutuak datozen hilabeteetan argitaratuko ditu 2015. urteari dagozkion datuak, eta gure asmoa da, informazio gehiago eskuratu ahala, analisia osatzea.

Baina aldaketa nabarmenik espero duzue?

Bai. Azken bi urteetan, neurri sorta eraginkorra aplikatu du gobernu berriak, pobrezia maila murriztu eta gizarte bazterketari aurre egiteko: errenta bermatua, gizarteratzea errazteko neurriak,enplegu publiko babestua, etxebizitza... Datozen urteetan hasiko gara ikusten politika berri horien fruitua, eta orduan jakinen dugu gure departamentuak eta beste batzuek ezarri dituzten politikak benetan eraginkorrak izan diren ala ez. Ni baiezkoan nago. Bestalde, 2015. urtea, ekonomiari dagokionez, mugarria izan zela uste dut, baina, esan bezala, hori aurrerago neurtuko dugu.

Zeintzuk dira, zure ustez, lauko gobernuak aplikatu dituen neurririk aipagarrienak?

Errenta bermatua zabaltzea aipatu dut jada, baina, horrez gainera, seme-alabak dituzten familia txiroak babesteko laguntzak nabarmenduko nituzke. Pentsioakgutxieneko soldatarekin parekatzeko proiektua ere oso garrantzitsua izanen da. Azkenik, lurraldeen arteko oreka eta kohesio soziala indartzeko, egitasmo zehatzak ari gara lantzen Tuteran eta Altsasun, gizarteratzea eta enplegua sustatzeko.

Txostenak frogatu du migratzaileena dela giza talderik babesgabeena, baina etorkinen kontrako jarrerek ez dute etenik. Zergatik?

Oinarririk gabeko jarrerak dira. Datu enpirikoek diote atzerriko jendea dela, hein handi batean, egoera larrienean dagoena. Eta hala ere, jende askok uste duenaren kontrara, baliabide publiko gehienak jasotzen dituztenak ez dira etorkinak. Har dezagun, esate baterako, errenta bermatua adibidetzat: krisi luze honek pobreziara bultzatu ditu hainbat nafar, eta horiek dira, funtsean, errenta bermatua jasotzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.