Espainiako Poliziak 36 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, Ariznabarra auzoan. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, jihadismoarekin lotura izatea leporatzen diote atxilotuari. Zehazki, EI Estatu Islamikoko "erakunde terroristako kide" izatea eta kide berriak lortzeko lanean aritzea egotzi diote. Poliziaren esanetan, zuzenean nahiz sare sozialen bidez saiatzen zen kide berriak lortzen, eta Sirian aritutakoei Europara iristen laguntzen zien, besteak beste.
Goizean goizetik aritu dira poliziak atxilotuaren etxea miatzen, eta hainbat furgoneta eta auto eduki dituzte inguruetan. Poliziei mehatxu egin izan diela ere zabaldu du Espainiako Poliziak.
Abuztuan, ustezko beste jihadista bat atxilotu zuten Gasteizen, eta espetxeratu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Maiatzean, Donostian egin zuen Ertzaintzak beste atxiloketa bat, eta Andoainen ere atxilotu zuen gazte bat Guardia Zibilak, apirilean, ustez, EI Estatu Islamikoaren propaganda zabaltzeagatik.