Emakume bat hil zen pasa den asteazkenean Basaurin (Bizkaia), eta gaur haren bikotekide zena atxilotu dute. Atxilotua gizonezko bat da, 45 urte ditu, eta indarkeriazko hilketa egotzi diote. Ertzaintzak ohar batean jakinarazi du, gaur. 2003az geroztik 135 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek.
Biktimak 44 urte zituen. Asteazkenean, ondoezik zegoela eta, larrialdi zerbitzuei deitu zieten emakumearen etxera joan zitezen. Ezin izan zuten ezer egin, eta bertan zendu zen emakumea. Geuria Basauriko hedabideak jakinarazi duenez, biktima eta atxilotua San Migel auzoan bizi ziren.
Gorpuari egindako azterketen ondorioz, ertzainek ikusi zuten indarkeriazko hilketa bat izan zela. Hortaz, gaur goizean atxilotu dute gizona, giza hilketa leporatuta.
Europa Press berri agentziak baieztatu du, Ertzaintzarekin hitz eginda, atxilotutako gizonak aurrekariak zituela genero indarkeriagatik, baina ez dute zehaztu biktimak salaketarik jarri ote zuen lehenagotik. Basauriko Udalak, berriz, baieztatu du gizonak bikote harreman horri lotuta zituela «genero indarkeriari buruzko aurrekariak»; are gehiago, Polizia kasuaren aztertzen ari zela zehaztu du.
Erantzuteko deiak
Basauriko Asanblada Feministak eta Emakumeok Bat Koorinakundeak elkarretaratze bat antolatu dute gaurko, hilketa gaitzesteko. 18:30ean elkartu dira, Azaroak 25 plazan.
Ohartarazi dutenez, indarkeria matxistari aurre egin nahi bazaio, gaitzespen orokorrak ez dira aski, baliabideak behar dira: «Ez ditugu isiltasun minutu hutsak nahi, baliabideak nahi ditugu, koordinazioa, formazioa, etxebizitzak, arreta duina eta erantzun feminista. Ez da aski gaitzestea, ekin egin behar da, prebenitzeko, babesteko eta baliabide guztiak jartzeko emakumeen bizitzen eta askatasunaren alde».
Udaleko Bozeramaile Batzordeak premiazko bilera egin du, eta hilketa deitoratu. Asier Iragorri alkateak adierazi du badela garaia «ausardiaz» jokatzeko eta indarkeria matxista amaitzeko. Udalak eta Berdintasun Kontseiluak beste elkarretaratze batera deitu dute; bihar izango da, larunbata, 12:00etan, Azaroak 25 plazan.
Udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute, eta ohartarazi dute azkenaldian «gero eta maizago» aditzen direla indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak, eta zehaztu dute, horren aurrean instituzioek eta gizarteak elkarlanean aritu behar dutela «jokabide horiek normalizatzeko edozein modu» eragozteko.
«Erabat jasanezina eta oso kezkagarria da, egunez egun, eraso edo hilketa matxisten berri izatea», adierazi dute udaleko bozeramaileek: «Ezin dugu indarkeria hori normalizatu, eta, esparru guztietatik, erabakitasunez jokatu behar dugu indarkeria desagerrarazteko eta legearen pisu guztia erasotzailearen gain gera dadin».
Instituzio publiko, alderdi eta ordezkari publikoek hilketa deitoratu dute, orobat. Emakundek indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aktibatu du; hilketa gaitzetsi, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senide eta lagunei. Hala egin du Bizkaiko Foru Aldundiak ere: «erabat» gaitzetsi du eraso matxista, eta senideei doluminak eman, eta «arreta eta laguntza zerbitzu guztiak» eskaini dizkie.
Eudelek ere gaitzetsi du hilketa, eta iritzi dio halakoek emakumeen kontrako indarkeriaren arazoaren zati bat besterik ez dutela azaleratzen, eta emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna dela oinarrizko arazoa. Bizkaiko Batzar Nagusiak ados daude Eudelek esandakoarekin, bidalitako oharraren arabera, eta udalaren elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.

