Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo. Neska adingabe bati sexu eraso bat egitea egozten dio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, neskak salatu zuen gizonak sexu erasoa egin ziola larunbat goizaldean Basauriko (Bizkaia) lokal batean. Atxilotua Ertzaintzaren esku dago, epailearen aurrean deklaratzeko zain.
Basauriko Udalak gaitzetsi egin du neskaren kontrako erasoa. Batzordeen Bozeramaileak adierazpen bat onartu du. Haren arabera, lanean jarraituko dute pertsona guztiak indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izan daitezen, eta aurre egingo diete indarkeria matxista ukatzen edo babesten duten mezuei.
Mugimendu feministak kontzentrazioa antolatu du biharko. 19:00etan egingo dute, Azaroak 25 plazan. Basauriko Udalean ordezkaritza duten alderdiek bat egin dute elkarretaratze horrekin, eta parte hartzeko eskatu diete herritarrei.

