25 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon, 24 urteko emakume bat bortxatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, astelehen goizaldean gertatu zen erasoa, auto baten barnean. Emakumeak salaketa bat jarri zuen, eta horren ondotik atxilotu dute gizona.
Emaztekia Basurtuko ospitalera joan zen, eta sexu eraso bat egin ziotela erran. Ertzaintza bertaratu zen, eta protokoloa aktibatu zuten: atzo arratsaldean polizia etxera eraman zuten emakumea, eta bertan jarri zuen salaketa. Poliziak gizona identifikatu zuen, eta atzo iluntzean atxilotu, sexu askatasunaren kontrako delitua egotzita.
Bi atxilotu Gasteizen
Gasteizen, bi gizon atxilotu ditu udaltzaingoak indarkeria matxista egotzita. Atzo arratsaldean 58 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egin eta mehatxuak egitea egotzita. 16:00ak aldera, Zabalgana auzoan emazteki batek laguntza eskatu zuen, senarrak eraso egin ziola erranez. Polizia bertaratu zenean, biak elkarrizketatu zituen, eta, gainera, gizonak emakumeari mehatxu egin zion, udaltzainen aitzinean. Gizona atxilotu zuten.
17:00ak aldera, berriz, Poliziak dei bat jaso zuen, gizon bat emazteari eraso egiten ari zitzaiola erranez. Polizia bertaratu zen, eta 39 urteko gizona atxilotu zuten, emaztekiari tratu txarrak ematea egotzita.