Gizon bat atxilotu dute Donostian bikotekide ohiaren etxera leihotik sartu eta hari eraso egiteagatik

36 urteko gizonak urruntzeko agindua urratu zuen, emakumearen etxera ezkutuan sartu, eta hura itotzen saiatu zen.

Iazko azaroan Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean Donostian egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
Iazko azaroan Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean Donostian egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
kristina martin
2025eko urriaren 3a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Donostian, bikotekide ohiarengandik urruntzeko zuen agindua urratu eta hari etxean eraso egiteagatik. Ertzaintzak epailearen esku utzi zuen atxilotutako gizona, eta hark espetxeratzeko agindua eman zuen.

Atzo goizaldean abisua jaso zuen Ertzaintzak, Donostiako Amara auzoan ustez lapurreta bat egiten ari zirelako. Agenteak bertaratu zirenean, baina, ohartu ziren indarkeria matxistako kasu bat zela. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ertzainek atea jo, eta emakume batek zabaldu zien. Hark esan zien bikotekide ohiaren eraso bat jasan berri zuela. Esan zienez, bera itotzen saiatu zen gizonezkoa, eta, horren ondorioz, erdi zorabiatuta geratu zen emakumea. Gainera, esplikatu zien indarrez atxiki zuela eta ezin izan zuela etxetik irten.

Poliziak ikerketa egin ostean, jakin zuen erasotzailea etxeko pertsiana batetik igo zela eta leiho txiki batetik sartu zela etxe barrura. Emakumea bikotekide ohia zuen, eta harengandik urruntzeko agindu judiziala zuen.

Ertzainek, etxean sartu zirenean, kutxa batean ezkutatuta aurkitu zuten gizona. Haien kontra oldartu zen, eta han bertan atxilotu zuten. Urruntzeko agindua urratzea, indarkeria matxista erabiltzea eta etxean indarrez sartzea egotzi diote. Epailearen esku utzi zuten atxilotua, eta hark espetxeratzeko agindu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.