Adingabe bat bortxatzea egotzita, 21 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktima Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko 17 urteko neska bat da, eta erasoa apirilaren 5ean gertatu zen. Handik lau egunera atxilotu zuten, hilaren 9an, eta, epailearen aurretik pasatu ondoren, atxilo dago.Â
Adingabeak erasoa jasan zuen egun berean eman zion horren berri hezitzaileetako bati, eta, osasun azterketak egin ondoren, salaketa aurkeztu zuen. Arabako Aldundiak esan du protokoloa berehala jarri zutela martxan, eta sexu erasoa gaitzetsi du. Halaber, elkartasuna eta babesa adierazi die biktimaren senideei eta lagunei.Â
Ikerketa abian
Gizon bat ikertzen ari da Durangoko Guardiako Epaitegia, Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) bi sexu eraso egitea egotzita. Bi emakumek jarri dute gizon horren aurkako salaketa: Burgoskoa (Espainia) da bata, eta Iruñekoa bestea. Iazko urrian gertatu ziren erasoak, Bizkaiko herri horretan urtero antolatzen duten Mangamore jaialdian.Â
Burgosko emakumea izan zen salaketa jartzen lehena, probintzia horretako Medina de Pomar herriko Guardia Zibilak duen kuartelean. Haiek abiatu zuten ikerketa, eta auzi horrekin lotutako beste salaketa jarri zuen emakumea identifikatu zuten. Batek salatu du ikertutako gizonak baimenik gabe eman ziola muxu; besteak, berriz, gizonak indarkeria erabili zuela hura bortxatzeko helburuz.Â
Guardia Zibilak joan den otsailean abiatu zuen ofizialki ustezko erasotzailearen aurkako ikerketa, eta aurrerantzean Durangoko Guardiako Epaitegiak eramango du auzia.Â