Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohiari labanaz mehatxu egitea egotzita

Beste bi gizon ere atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak: bikotekideari eraso egitea leporatuta bata, eta urruntze agindua urratzea egotzita bestea.

Eraso matxista bat salatzeko Gasteizen egindako agerraldi bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eraso matxista bat salatzeko Gasteizen egindako agerraldi bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 5a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, bikotekide ohiari eraso egitea eta labanaz mehatxu egitea leporatuta. Armentiako taberna batean hasi zen erasoa, gizonaren eta emakumearen arteko eztabaida baten harira. Gizona irainka hasi zitzaion emakumeari, eta, andreak poliziari hots egingo ziola esan zionean, labana atera zion, mehatxu egiteko. Gero, biak autoz abiatu ziren gizonaren etxera, eta erasotzaileak besotik oratu zion emakumeari, baita lesioak egin ere. Polizia bertaratu zenerako, ihes egina zen gizona, baina udaltzainek Zaramaga auzoan kausitu zuten, eta bertan atxilo eraman zuten.

Ostiralean, berriz, beste bi atxiloketa izan ziren. Goizeko zazpiak aldera, lekuko batek udaltzainei deitu zien, bikote bat kalean liskarrean ari zela adierazteko. Bertaratzean, 40 urteko gizon bat eta 42 emakume bat aurkitu zituzten agenteek, biek ala biek borroka fisiko baten aztarnak zituztela. Lekukoaren eta bikotearen adierazpenak aditu ostean, gizona atxilotu zuten agenteek, indarkeria matxista leporatuta. Emakumea ere atxilo eraman zuten agenteek.

Beste atxilotua 23 urteko gizon bat da. Hiru adingaberengandik urruntzeko agindua zuen gizonak. Haietako batek hurbil ikusi zuen gizona Independentzia kaletik zebilela, eta neskak Poliziari hots egin zion. Udaltzainek gizona identifikatu eta atxilo eraman zuten, urruntze agindua urratzea egotzita. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA