Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, maiatzean sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita

Emakume batek salatu zuen gizonak frontoi batera eraman zuela. Emakumearen lagun batek aurre egin zion gizonari.

Ertzainak, Gasteizen. L. RICO / EFE
Ertzainak, Gasteizen. L. RICO / EFE
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 24a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Gasteizen, maiatzean sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, maiatzaren 31ko gauean, Gasteizen bertan, 19 urteko emakume bat jabetu zen gizon bat segika zuela. Emakumea dantzaleku batera sartu zen, eta, atera zenean, gizon horrekin topo egin zuen. Gizonak, emakumea bakarrik zegoela baliatuz, berarekin eraman zuen pilotaleku batera.

Pilotalekura bidean emakumea ihes egiten saiatu zen, baina erasotzaileak ez zion utzi. Hala ere, lortu zuen eskuko telefono bidez lagun bati mezu bat bidaltzea, laguntza eskatuz. Bere kokapena ere bidali zion. Pilotalekuan, gizona sexu erasoa egiten saiatu zen, Segurtasun Sailaren esanetan. Handik gutxira, ordea, emakumearen laguna iritsi zen, eta erasotzaileari aurre egin zion. Bultzaka eta kolpeka aritu ziren, eta erasotzaileak ihes egin zuen.

Ertzaintzak erasoaren ustezko egilea identifikatu eta atzo atxilotu zuen. Sexu eraso delitua egozten diote. Goizean eraman dute epailearen aurrera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA