Emakume batek salatu zuen sexu eraso bat egin ziotela herenegun gauean Getxon (Bizkaia). Ertzaintzak gizon bat atxilotu du sexu eraso hori egitea egotzita.
Getxoko Udalak ohar bat kaleratu du, «generoen berdintasunik ezean oinarritzen diren jarrera sexisten ondorioz» sortutako eraso guztiak gaitzetsiz. Elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari, eta babesa ere eman dio. Nabarmendu du «erantzukizuna» beti indarkeria erabiltzen duenarena dela, eta saihestu egin behar dela «emakumea erruduntzat jotzea». Udalak indarrean jarri du indarkeria matxistaren aurka jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloa.